98.700 euro,"estrategikoa" den arrantza sektoreko belaunaldi erreleboa bermatzen laguntzeko
Itsasoratu programaren bidez, Bermeoko Nautika Eskolako, Ondarroako Itsas Arrantza Eskolako eta Pasaiako Blas de Lezo Arrantzako CIFP Nautiko-Arrantzaleko ikasleei prestakuntza-egonaldiak ontzietan egiteko aukera eskaintzen dien arrantza-enpresei zuzendutako laguntza aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Ikasleko 5.850 eurora arteko laguntza jaso ahalko dute.
Gazteak itsasoko lanaren errealitatera hurbildu eta “euskal arrantza-flotaren erreleboa sustatu” asmoz, Eusko Jaurlaritzak 98.700 euro bideratuko ditu Itsasoratu programara. Horren bitartez, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHIIn, Ondarroako Antiguako Ama Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskolan edota Pasaiako Blas de Lezo LHII ikastetxean nautika eta arrantzako heziketa-zikloak ikasten ari diren lehen mailako ikasleek, Balio Anitzetako Kostaldeko Patroia ikastaroa egiten ari direnek edota oinarrizko mailako heziketa-zikloko ikasleek prestakuntza-egonaldiak arrantza-ontzietan egiteko aukera izango dute.
Laguntzak praktikaldietan dauden ikasleak beraien ontzietan hartu ohi dituzten arrantza-enpresei zuzenduta daudela nabarmendu dute Jaurlaritzatik: “Horrela, programak ikastetxeetan etorkizuneko profesionalak jasotzen duten prestakuntza eta gero beren jarduera garatuko duten benetako lan-ingurunea lotzen ditu”. Enpresa bakoitzak egonaldi bakoitzeko bi ikasle hartu ahal izango ditu gehienez.
Egonaldiak.
Prestakuntza-egonaldiak “arrantzaldi baten iraupenaren parekoak” izango dira —20 eta 30 egun artekoak—, eta ikasleek ikasturtea amaitu eta bigarren maila hasi aurretik burutu beharko dituzte. Izan ere, Itsasoratu programaren bidez, ikasleek ontzian egiten den lana zuzenean ezagutzeko eta nabigazioan, mantentze-lanetan, maniobretan, segurtasunean eta arrantza-eragiketetan “esperientzia eskuratzeko aukera” izango dute.
Esperientzia eskuratzeagaz gain, baina, programak “beste hainbat helburu” ere baditu, hala nola, ikasleek prestakuntza osatzeko behar dituzten itsasoko egunak egitea erraztea, arrantzan gazteen enplegua sustatzea, tripulazioak gaztetzea eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoarentzat “estrategikoa” den arrantza sektorean belaunaldi erreleboa bermatzen laguntzea. Horrez gain, deialdia emakumeak arrantza-jardueran sartzea sustatzeko neurri espezifikoa ere jasotzen du; izan ere, ontziratutako ikaslea emakumea den kasuetan, tutoretza, mantenua eta jarraipena ordaintzeko laguntza 2.000 eurotan handituko dutela iragarri dute.
5.850 eurora arte.
Arrantza-enpresek 2.000 euro jaso ahal izango dituzte ikasleko, ontziratzea amaitzean horiei zuzenean ordaindu beharko dieten “esker-ordain gisa”. Era berean, laguntzak 3.600 eurora artekoak izan daitezkeen Gizarte Segurantzan alta emateko eta ikasleak praktikaldian zehar jasoko duen tutoretza, mantenu eta jarraipenerako gastuak barne hartzen ditu. Horrez gain, ikasleen ekipamendu eta laneko arropa gastuak estaltzeko 250 euroko laguntza ere emango diete. Hala, ikasle bakoitzeko 5.850 eurora arteko laguntza jaso ahalko dute enpresek.
Laguntza jasotzeko baina, enpresa onuradunek ikasleak ontzian geratu ahal izateko “beharreko baldintzak bermatu” beharko dituzte, baita beharrezko baliabide eta ekipamenduak eskaini eta praktiken jarraipena egin ere.
Eskabidea egin gura duten enpresek deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dute horretarako aukera, hilabeteko epean.