Natura esperientzia hedatu batetik hautemateko gonbidapena
'Natura Expandita' erakusketa irailaren 30era bitartean bisitatu daiteke Ekoetxea Urdaibain. Danel Garay, Antton Goikoetxea, Paula Huarte, Oriol Pares eta O. Kolektiboaren lanak biltzen ditu.
Argazkia: Ekoetxea. Natura, teknologia eta lurraldearen arteko elkarrizketa ailegatu da Ekoetxea Urdaibaira. Natura Expandita aldi baterako erakusketan, ikusi daitekeena eta ikusezina gurutzatu egiten dira, Urdaibaiko lurraldeari arreta emateko modu berriak sortu.
Danel Garay artista eta ikertzailea da arte garaikidearen erakusketaren komisarioa, eta bere lanez gain, Antton Goikoetxea, Paula Huarte, Oriol Pares eta O. Kolektiboarenak biltzen ditu. Hain zuzen ere, natura esperientzia hedatu batetik hautemateko gonbita egiten duten hainbat lan eta instalaziok osatzen dute erakusketa; soinudunak, ikus-entzunezkoak eta objektuzkoak dira horiek.
Erakusketak kontzientzia ekologiko eta kulturaleko forma berriak sortzen lagundu nahi du, arte garaikidea naturari eskainitako espazio batera hurbilduz eta sorkuntza artistikoaren, lurraldearen eta herritarren arteko elkarrizketa irekia bultzatuz.
Proiektuak ACTS Sarearen (Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea), Euskal Herriko Unibertsitateko AKMEKA ikerketa taldearen eta Atomo Kultur Elkartearen babesa dauka, eta arduradunek esan bezala, “balio ekologiko, kultural eta sinboliko handia” daukan Urdaibai Biosfera Erreserbaren testuinguruan kokatzen da: “Bertatik, paisaiarekin erlazionatzeko daukagun moduari buruzko hausnarketa piztu nahi du erakusketak, ez soilik kontenplaziotik, baita erantzukizunetik, entzutetik eta jarrera aldaketatik ere”. Horrenbestez, erakusketak ikusleak gonbidatzen ditu beren “pertzepzio-ohiturak birpentsatzera, eta zalantzan jartzera naturala eta artifiziala denaren arteko bereizketa”, ingurunearen eta hura aldatzen duten azpiegituren artekoa. Erakusketa doan bisitatu daiteke irailaren 30era arte.
Natura Expanditan dauden obrek ibilbide bat eraikitzen dute instalazio baten bidez. Horretan, zeramikazko arrokak daude pantailen gainean, soinu bidezko eskulturak, kuantikoa dena txalaparta bihurtzen dutenak, zeramika buruak digitalarekin elkarrizketan, patafisika poetikako tramankuluak eta objektu sinbolikoaren eta errealaren arteko lotura; “Material horien bitartez, erakusketak esperientzia murgiltzaile bat proposatzen du, non natura bere irudikapen tradizionaletik haratago hedatzen den eta materiaren, teknologiaren eta bizitzaren arteko harremanen eremu bihurtzen den”.

Argazkia: Ekoetxea.
Tokiko artistei eta artearen, teknologiaren eta naturaren arteko harremanari ikuspegi garaikide berrietatik heltzeko gai diren ikuspegi berriei zabaltzeko helburua dauka proiektuak. Bere arduradunen berbetan, “proiektuaren dimentsio horrek azaleratzen ari den ekoizpen artistikoa bultzatu nahi du, eta ikerketaren, sorkuntzaren eta lurraldearen arteko topagunea sortu”.