Erreplikaren albo batean, Picassoren irudia
Oin-Arte Elkarteko kideek 'Guernica' koadroa Gernika-Lumora ekartzeko eskatu, eta Espainiar Estatuak "Gernikan egin zituen ankerkeriei" tratamendu egokia emateko eskatu dute. Horretarako, bi ekintza egin dituzte: bata, Gernikan, eta bestea, Madrilgo Reina Sofia museoan.
Gernika-Lumon dagoen 'Gernika' koadroaren errepresentazioa, Picassoren irudiagaz.Oin-Arte Elkartea Gernikan dagoen Guernica koadroaren errepresentazioa berriki ikusi duena agian ohartuko zen Picasso ere bertan dela. Izan ere, Guernica koadroari Espainiar Estatuak egiten dion trataera salatzeko asmoz, Picasso igeltsero modura irudikatu dute Oin-Arte Elkarteko kideek, eta erreplikaren albo batean jarri dute artistaren irudia: “Oso argi ikusten da nola Picasso igeltsero moduan ari den lanean, baldosak jartzen. Satiraz, Picasso artista modura desgaituta dagoela irudikatu nahi izan dugu, eta kondenatuta dagoela igeltsero modura lan sozialak egitera”.
Izan ere, elkarteko kideen esanetan Gernikan dagoen koadroaren errepresentazioak “oso argi” erakusten du Espainiar Estatuaren postura: “Ekimen honekin salatu nahi dugu oraindik ez zaiola tratamendu egokia eman Gernikan egin ziren ankerkeria horiei, eta Espainiar Estatua ez dela mina konpontzen saiatu eta ez duela ardurarik hartu”.
Gaineratu dutenez, koadroa Gernikara ekartzea ere bada elkarteko kideen helburuetako bat: “Ekimen hau erabili nahi dugu Guernica koadroa Euskal Herrira, Gernikara, ekartzea eskatzeko; uste dugu hau dela bere tokia”. Hala ere, argi utzi nahi izan dute koadroa ez dutela turismoaren onurarako ekarri gura, Gernikari eta gernikarrei aitortza egiteko baizik.
Ildo beretik, apirilaren 26an Madrilgo Reina Sofia museora eroan zuten gaur Gernikan dagoen Picassoren irudia. Han ere, helburua berdina izan zen: “Espainiar Estatuak Gernikako herriari historikoki egin dion ankerkeria salatu, eta azaleratu egin nahi dugu Espainiar Estatuak oraindik ez diola tratamendu egokia eman gertatu zenari”. Gaineratu dute, Guernica koadro bat baino gehiago dela: “Guernica ez da koadro bat bakarrik, Guernica herri bizi bat da, bere erraietatik bera bakarrik altxatu zena. Orduko arazo berdinarekin jarraitzen dugu gaur egun, Gernikarekiko nahiz Euskal Herriarekiko askatasun falta”.
Elkarteko kideek adierazi dutenez, egitasmoagaz aurrera jarraitu eta beste zenbait ekintza egiteko asmoa dute. Izan ere, Oin-Arteko kideek pasarte historikoak berreskuratu eta muralismoa tresnatzat erabiliz gertatutako pasarte horiei tratamendu egokia eman nahi diete: “Egia eta kontzientzia zabaldu gura ditugu. Izan ere, debekua baino okerragoa da ikusezin bihurtzea”.

Madrilgo Reina Sofia museoan egin zuten ekintza.Oin-Arte Elkartea