Domekan lehiatuko dute Busturialdeko II. Harri Jasotze Txapelketa
Busturiko Harri Berri Elkarteak antolatuta, Harri Berri Elkartea Saria lehiatuko dute bigarrenez, Santa Ana egunean [uztailak 26]. Emakumezkoak 72 kiloko harriagaz arituko dira eta, gizonezkoak, 102 kilokoagaz. Bizkaiko Gizonezkoen Lasto Jasotze Txapelketa ere izango dute jokoan.
Santiago eta Santa Ana jaiak aitzaki, askotariko ekintzak hartuko ditu Busturiko Axpe auzoak egunotan. Kirolak ere bere tartetxoa izango du, besteak beste, Busturialdeko Harri Jasotzaile Txapelketagaz. Busturiko Harri Berri Elkarteak, Sustabiz Fundazioa herri kirolak bultzatzeko egiten ari den lana baliatu eta bertan dabiltzan kirolariei lehiatzeko plaza bat eskaintzeko Harri Berri Elkartea Saria antolatu dute, bigarrenez. Santa Ana egunez [uztailak 26] ipini dute hitzordua, 18:00etan, Axpen.
Bai emakumezkoak, bai gizonezkoak Busturiko harriekin lehiatuko dira. Emakumeetan, Leire Olea, Leire Astoreka eta Zihara Zabala72 kiloko harriagaz ibiliko dira, 5 minututan zeinek harria gehiagotan jaso. Gizonezkoetan, ostera, Eneko Bilbao, Jon Onaindia, Patxi Bilbao eta Gari Elorriaga lehiatuko dira, 5 minutuz, 102 kiloko harriagaz.
Hitzordua baliatuta, Bizkaiko Gizonezkoen Lasto Jasotze txapelketa antolatzeko aprobetxatu dute Busturian. Hala, Getxo Herri Kirol Klubeko Beñat Amade eta Piratak Herri Kirol Klubeko Bingen eta Xabat Erleaga arituko dira nor baino nor gehiago, txapelak nork jantziko duen erabakitzeko.
Harri Berri Elkarteak ez dio urteroko hitzorduari hutsik egin eta herri kirol saioa deitu dute uztailaren 27rako [astelehena] : zaldi probak antolatu dituzte: “Idi zaleak gara, baina probok debekatuta egon dira eta debekua kendu dutenetik ez digu antolatzeko astirik eman”, aitortu dute elkartetik.