'Sukarrieta ertzetik ertzera' topaketa, ondareari balioa emanez
“Arrauna eta estuarioaren errespetuzko erabilera” sustatzeko eta aldarrikatzeko asmoz, Sukarrieta ertzetik ertzera topaketa egingo dute bihar [uztailak 24]. Lehenengoz antolatu dute, eta Sukarrietako Udalaren, Portuondo ontzien elkartearen eta Sukarraun Arraun Elkartearen elkarlanetik sortu da proposamena. “Sukarrietak itsasadarraren bi aldeen artean banatzen da, eta azkenaldian deskonektatuta dauden bi aldeak lotzeko jardunaldia egitea pentsatu genuen”, adierazi du Jaime Orueta Sukarrietako alkateak.
Egurrezko txalupa klasikoetan aterako dira, eta azpimarratu duten modura, “irteeraren helburua da zurezko txalupa klasikoek eta erriberako arotzeriak adierazten duten ondare materialari eta immaterialari balioa ematea, baita biosfera erreserbaren balioekin bat datorren estuarioaren erabilerari ere”.
Sukarrietarrek ez ezik, kanpotik hurbildutako tripulazioek ere parte hartuko dute jardunaldian. 22 ontzi daude izena emanda: “Tripulazio bakoitza gehienez hiru tripulatzailek osatuko dute. Bost ontzi kanpokoak dira, eta gainontzekoak hemengoak, Sukarrieta, Mundaka eta ingurukoak. Bost ontzi erriberako arotzeriara bideratutako Euskal Herriko elkarteetako kideenak izango dira”.
Sukarrietatik itsasgorarekin irtengo dira Kanalarantz, eta mokadu bat hartuko dute itsasgora aprobetxatuz. 11:30ean elkartuko dira Sukarrietan, eta 12:00etan aterako dira. “Itsasgora 14:00etan da. Kanalara heltzean, bertan mokadutxoa hartuko dugu”. Marea jaistean, Sukarrietara bueltatuko dira, eta parkean senidetasun-afarian batuko dira; afaltzen 60 bat pertsona egongo direla aurreikusi dute.