"lusioz, anbizioz eta erronka berriez" betetako aro berri bati ekin dio Gernika KESBk
Babesle nagusi berria aurkeztu du Gernika-Lumoko saskibaloi taldeak; Inversus Gernika Bizkaia izenpean, "elkarrekin hazten, lehiatzen eta Gernikaren izena are urrunago eramaten" jarraituko dutela adierazi dute.
Argazkia: Gernika KESB Inversus Group izango da Gernika KESBren babesle nagusia aurrerantzean, eta horrenbestez, Inversus Gernika Bizkaia izena hartu du.
Aro berri batean sartu da Gernika-Lumoko kluba. Arduradunen hitzetan, “ilusioz, anbizioz eta erronka eta aukera berriez betetako aro berri bati” ekin diote, euren proiektuan eta Gernika KESBren balioetan sinetsi duen bidelagun baten eskutik. Enpresaren arduradunei eskerrak eman dizkiete klubarengatik zein emakumezkoen kirolagatik erakutsitako konfiantzagatik, eta azpimarratu dute “elkarrekin lehiatzen, hazten, etorkizuna eraikitzen eta Gernikaren izena are urrunago eramaten” jarraituko dutela.
Adierazi dutenez, babesletza “akordio bat baino askoz gehiago” da. Anbizioa, konpromisoa, talde-lana eta etengabeko hazkundea partekatzen dituzten bi proiekturen arteko batasun gisa definitu dute. “Proiektua garatzen asko lagunduko digu; pista barruan eta pistatik kanpo, Gernika erreferente moduan sendotzen segitzeko etapa berria hasi dugu. Gernikan beti defendatu dugu klub bat asteburuetan lehiatzen den talde bat baino gehiago dela. Kirol proiektu bat gara, baina baita nortasunezko proiektu soziala, eta hezkuntzakoa”, adierazi du Gerardo Candina klub gernikarraren presidenteak.