Gernika-Lumotik "faxismoari ate guztiak ixteko prest"
Gernika-Lumoko Ernaik Gernikako Egun Antifaxista antolatu du etzi [uztailak 25], Arranon. Faxismoaren aurkako lerroan gazteek "lehen lerroa hartu" behar dutela sinetsita, egun guztirako antolatu duten egitarauan parte hartzeko deia egin diete gazteei.
Faxismoaren aurrean “antolakuntza, memoria eta borroka” behar direla ulertuta, Gernika-Lumoko Ernaik Gernikako egun antifaxista antolatu du etzirako [uztailak 25], Arrano Herriko Tabernan. Egun guztiko egitaraua prestatu dute Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez! lelopean.
Egungoa garai “erabakikorra” dela uste dute gazte antolakundekoek, kapitalismoaren “fase baten amaierarekin eta berri baten hasieragaz” prekarietatea goranzko joera izaten ari delako: “Gazteok prekatietate hori pairatzen dugu gero eta gehiago; gainera, gerrak ere gero eta gehiago dira”. Egoera horrek “ezinegona” eta sistemarekiko “ez-atximendua” ditu: “Sistema kapitalista, bere baliabide guztiekin saiatzen da olatu erreakzionarioa aktibatzen, eta horrek faxismoa sortzen du; potentzial iraultzaile edo eraldatzaile izan daitekeena atzerakoi bihurtzen da, sistema kapitalistaren defendatzaile sutsu”. Euskal Herriak azkenaldian faxismoaren aurpegi ezberdinak ezagutu dituela gogoratu dute Ernaitik, hala nola. urriaren 12an Falange Española de las JONS alderdiak Gasteizen egin zuen mobilizazioa, Vito Quiles Iruñako Unibertsitatean egon izana, Felipe VI Espainiako Erregeak Gernika-Lumo bisitatu izana edota sare sozialetan zabaltzen ari diren diskurtso “erreakzionarioak”.
Halaber, azken asteetan egin den “espainolismoaren gorazarre esplizitua eta jakobinismo frantsesaren gorespena” nabarmendu dute: “Faxismoa hazten dabilela ikusten dugu, baita Euskal Herrian hartzen duen forma espainolismoarena edo frantziar jakobinismoarena dela ere”. Auzi horretan Gernika-Lumok ere “beste dimentsio bat” hartzen duela defendatu dute, Francoren aginduz naziek 1937an Gernika bonbardatu izana”Euskal Herriaren kontrako eraso faxista moduan” ulertu behar delako: “Ernaitik ardura hartzen dugu Euskal Herriarekiko eta euskal gazteriarekiko, eta ikusten dugu faxismoak behin eta berriro gure herria jo puntuan jartzen duela, baita abertzaletasuna eta euskalduntasuna ere bai. Uste dugu gazteok borroka honetan lehen lerroa hartu behar dugula”. Lehen lerro hori hartu eta faximoari “atea guztiak izteko prest” daudela aldarrikatzeko antolatu dute Gernikako egun antifaxista: “Aurrean egongo gara beti, euskaldunok beti egon garen bezala”.
Egun guztiko egitaraua prestatu dute, 10:30ean harreragaz hasiko dena. Autodefentsa eta serigrafia tailerrak ere izango dituzte aukeran, 12:30ean Gernika Batzordeko Sabin Ibazetak eta Lur Aiape gazte mugimenduko hainbat antolakundeko kideak eskainiko duten Gernika faxismoaren aurka atzo eta gaur hitzaldian batu aurretik.
Bazkaria ere egingo dute eta oraindik zabalik dago izen ematea, Gernika-Lumoko Ernairen Instagram (@ernaigernika) idatziz edota militanteetako batekin harremenatan jarriz. 7 euro ordaindu beharko dira. Bazkalostea girotzeko, mus txapelketa ——, igelaren jolasa eta “tiro al fatxa” jolasak eta mojitada egingo dituzte. Iluntzean, berriz, Zauria taldea eta tokiko musika jartzaileak diren MJ Mari Pili eta MJ Doner o Ke!-rena izango da oholtza. Era berean, gogoratu dute goizean zehar Euskal Selekzioaren albuma eta pegatinak erosteko aukera egongo da.
Ernaitik gazte guztiak animatu dituzte egitarauan parte hartzera, “Euskal Herriaren askatasun nazional eta sozialaren alde”. Modu berean, Ernaik Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez” lelopean irailaren 13rako Donostian deitu duen mobilizaziora batzera ere deitu dituzte.
EGITARAUA.
10:30. Harrera.
11:00. Tailerrak: autodefentsa tailerra eta serigrafia tailerra.
12:30. Gernika faxismoaren aurka atzo eta gaur hitzaldia.
15:00. Bazkaria.
17:00. Jolasak eta mojitada (mus txapelketa, igelaren jolasa eta tiro al fatxa)
19:30. Kontzertuak: Zauriak, MJ Mari Pili eta MJ Doner O Ke!
Goiz guztian zehar. Euskal Selekzioaren albuma eta pegatinak salgai.