Madalen Eguna: elkartasunetik herri baten memoria berrituz
Bermeoko lau kultur elkarteren ibilbideak lehen lerroan jarriz berretsi ditu aurtengo teilak Bermeoren mugak Izaro uhartearen ipar-ekialderantz daudela. Bermeotar, elantxobetar eta mundakarrak izan dute, eta izango dute oraindik jai giroaz blaitzeko aukera.
Elkartasuna helburu, mahonak eta zapiak dantzan jarri dituzte Busturialdeko herritarrek —bermeotar, elantxobetar eta mundakarrak bereziki—. Izan ere, Madalen eguna ospatzen ari dira gaur [uztailak 22]. Eta zelan ospatu, gainera. Tradizioa eta jai giroa uztartzeaz gogoratzeaz gain, omenaldiei ere tokia eskaini diote han eta hemen.
Bermeon piztu da sugarra, goizean, hor eman baitiote hasiera eskualdeko herritarrek egutegian gorriz markatuta duten Madalen Egunari. Herri baten memoria berritzeko egun gisa definitu du, halaber, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak uztailaren 22a: “Madalen Eguna ez da ohitura bat betetzera mugatzen den ospakizuna, baizik eta herri baten memoria, nortasuna eta balioak urtero berritzeko eguna dela. Bermeo itsasoari estuki lotutako herria da, eta itsasoak eman dizkio herriari ogibidea ez ezik, izaera ere: ahalegina, ausardia, duintasuna eta, bereziki, elkartasuna“.
Hala, adierazi du herriak bere historiarekin, itsasoarekin eta belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun duen tradizioarekin bat egingo duela, “aurreko belaunaldiek utzitako ondareari eskerrak eman eta etorkizuneko belaunaldiekin lotura berritzeko” asmoz. Aurtengo ospakizunak, gainera, “mezu berezia” du udalbatzarentzat, alkateak nabarmendu bezala. Alkartasunien ospatuz lelopean, aurten urteurrenak ospatzen dituzten herriko lau kultur eragile omentzen ditu Izaro inguruan uretaratzen den teilak. Alkartasuna Dantza Taldea, Benito Barrueta Arte Elkartea, Bermeoko Abesbatza eta Bermeoko Erraldoien Konpartsa.

Horren harira, Nemeh herriaren bizitza aberasten dutenez oroitu da: “Herri bat ez da egun batean eraikitzen, baizik eta belaunaldiz belaunaldi, askotan isilean lanean aritzen diren pertsonen konpromisoari esker eraikitzen da”. Gauzak horrela, aurtongo teila “aitortzatzat” hartu du, bai urteurrena ospatzen ari diren elkarteentzat, zein egunero Bermeo eraikitzen duten guztientzat ere.
40 urteko lanaren aitortza
Udalbatzak Goiko plazan urtero edukitzen duen hitzorduaren aurretik, baina, Hilario Aurtenetxe Mentxakari omenaldia egin diote. Aurtenetxe izan da 40 urtez Madalen Egunean Izaro uhartera joan den eta Bermeoko bandera eta ikurriña jasotzeko ardura izan duena. Esker oneko hitzez gain, urte guzti hauetan erakutsitako “konpromisoa, fideltasuna eta herriarekiko maitasuna” azpimarratu dute udal ordezkariek.
Horregatik, Bermeoko Udalaren aldetik oroigarri bat jaso du, eta “oso harro” dagoela aldarrikatu du Aurtenetxek: “Hasierako urteetan, Bermeok ez zeukan banderarik, eta beraz, ikurriña baino ez nuen altzatxen. Baina Bermeok bere bandera propioa behar zuen izan, eta azkenean, lortu genuen. Geroztik, biak altzatxen ditut: Bermeoko bandera eta ikurriña, eta nik, bermeotar bezala, harrotasuna eta poztasuna baino ezin ditut sentitu”. Eta zelan ez, esker oneko berbak baino ez ditu izan Bermeoko Udalarentzat.

Omenaldiekin bukatu, eta Alkate soinua entzuteko bildu dira, urtero bezala, Goiko Plazan. Ondoren, porturantz abiatu dira kalejiran, txistulariek urtero bezala Madalen zortzikoa interpretatzen zuten bitartean. Eguerdian abiatu da, bestalde, itsas jaia. Ontziratzea izotz fabrikaren parean egin da, eta handik Izaro uharterantz joan da udal ordezkaritza. Bertan, Bermeoko bandera eta ikurrina jaso ondoren, alkateak itsasora jaurti du aurtengo teila, urtero errepikatzen den keinu sinbolikoaren bidez Bermeok Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dituen muga historikoak berrituz: “Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak”.
Izaroko ekitaldia amaitu ostean, udal ordezkaritza Elantxobera abiatu da, tradizioari tiraka, Elantxobeko alkate den Patxi Egurrolarekin bat eginez. Herriko plazan, Alkartasuna Dantza Taldeak ohorezko aurreskua eskaini dio udalbatzari, “bi herrien arteko lotura eta urte luzez bizirik mantendu den ohitura” berretsiz.

Bien bitartean, Bermeoko kaleetan ere jai giroa da protagonista. Taberna Ibiltaria herrian barrena dabil, eta herritar zein bisitariek egunaz gozatzeko aukera daukate Bermeon bertan.
Etenik barik
Arratsaldean, udal ordezkaritza Elantxobetik Mundakara abiatuko da Bermeora itzuli orduko. Behin Bermeon, Portuzarretik Goiko plazaraino Betijai fanfarreak lagunduko du udalbatza, eta bertan jasoko dira Bermeoko bandera eta ikurrina. Aurreskuek eta zabaletakoek emango diete jarraipena egunari, eta, ondoren, San Migeleko eskaileretarainoko ohiko beherakadarekin amaituko da eguneko protokolo instituzionala.
Lehen ordutik begibistakoa izan da Madalen eguna herritarren artean egun garrantzitsua eta adierazgarria dela; bermeotarrak mahonez jantzita agertu dira han-hemen, eta herrigunearen luze-zabalean jaietako zapiak ageriko izan dira.
Hartara, Bermeoko udal ordezkarien hitzetan, Madalen Egunak berriro ere erakutsi du tradizioek pertsonen bidez hartzen dutela zentsua, eta esan dute, aurten inoiz baino gehiago, Bermeok mezu argia zabaldu duela itsasora, eta bide batez, herrira: elkartasunaz ospatzea dela herri bat bizirik mantentzeko modurik ederrena.