Gernika-Lumo, "adiskidetzeko eta itxaropenerako gaitasunaren isla"
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak Bakearen, Gerren Amaieraren eta Nazioarteko Legezkotasunaren Errespetuaren aldeko Oihua foroaren hirugarren aldian parte hartu du Luandan, eta bakea "elkarrizketa, justizia eta aukerak exijitzen" dituen prozesua dela aldarrikatu du bertan.
Argazkia: Germika-Lumoko Udala Gernika-Lumoko Udalak, Jose Mari Gorroño alkatea buru, Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzak (UNAOC) bultzatutako Bakearen, Gerren Amaieraren eta Nazioarteko Legezkotasunaren Errespetuaren aldeko Oihua foroaren hirugarren aldian parte hartu du Luandan (Angola). Ekitaldian Luandako Adierazpena onartu dute, “bakearekiko eta lankidetzarekiko nazioarteko konpromisoa eta nazioarteko zuzenbidearekiko errespetua berresten” dituena.
UNAOC eta Religions For Peace elkarteak sustatutako jardunaldiak mundu guztian zeharreko erakundeetako ordezkariak bildu ditu, tartean, João Manuel Gonçalves Angolako presidentea eta bere gobernuko ordezkariak edota Félix Tshisekedi Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentea. Beraiekin batera izan ziren Gorroño eta Jon Lejarraga, Gernika-Lumoko zinegotzia. Bere berbaldian alkateak bakea “elkarrizketa, justizia eta aukerak exijitzen” dituen prozesua dela aldarrikatu zuen: “Bakeak desberdintasunak errespetatu eta etorkizuneko belaunaldietan pentsatuz adostasunak bilatzea eskatzen du”, adierazi zuen.
Halaber, adiskidetzeak “ez duela iragana ahaztea esan nahi” zehaztu zuen, berriro gerta ez dadin ikastea baizik: “Armak isiltzen direnean hasten da benetako erronka: aukerak sortzea, hezkuntza eta osasuna indartzea eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea. Horrela baino ezin da bakea sendotu eta denboran irautea lortu”. Miguel Angel Moratinos Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzaren buruak bestalde, ekitaldiaren garrantzia azpimarratu zuen, indarkeriaren gorakada gelditzeko duen balioa aipatuz: “Ez dugu onartzen gerra normaltzat edo saihestezintzat hartzea. Bakea ez da beti bide erraza, baina gure erantzukizunik handiena da ”
Berreraikitzearen adibide.
Gerren Amaieraren eta Nazioarteko Legezkotasunaren Errespetuaren aldeko Oihua foroa Gernika-Lumon egin zen lehen aldiz duela bi urte, udalerriak jasandako bonbardaketaren 88. urteurreneko ekitaldien barruan. Iaz Sarajevon (Bosnia eta Herzegovina) izan zuen jarraipena, Srebrenicako genozidioaren 30. urteurrenaren testuinguruan; aurten berriz, Luanda aukeratu dute, hainbat hamarkadaz gerra zibila bizi ondoren “berreraikuntzaren sinbolo” delako: “Luandari buruz hitz egitea gerraren mina ezagutu duen hiri bati buruz hitz egitea da, baina altxatzeko eta bakean oinarritutako etorkizuna eraikitzeko duen gaitasuna ere erakutsi duen hiria ere bada”, nabarmendu zuen Gorroñok bere hizketaldian. Moratinosek, ostera, hiru herrien berreraikitzeko gaitasuna nabarmendu zuen: “Gernikak, Sarajevok eta Luandak gerraren orbainak partekatzen dituzte, baina adiskidetzeko eta itxaropenerako dugun gaitasunaren isla ere badira ”.
Luandaren esperientziak “elkarrizketak beti konfrontazioaren gainetik egon behar duela” erakusten duela ere gehitu zuen alkateak, hiriaren historiak, bakea gerra eta gatazka eza baino gehiago dela azpimarratuta: “Aukerak, elkarrizketak, justizia eta itxaropena izatea da bakea”.
Ekimena Luandako Adierazpenaren onarpenagaz biribildu bazuten ere, jardunaldi ezberdinetan beste hainbat gai ere mahaigaineratu zituzten, besteak beste, nazioarteko kanpaina abiaraztea, gerrari lotutako bideo-jokoek haur zein nerabeengan izan dezaketen eraginari eta horiek indarkeriaren normalizazioan izan dezaketen eraginari buruzko eztabaida zabaltzeko helburuagaz.