Imanol Irazabal Barrena, Mendatako errepideetan nagusi
Imanol Irazabal Barrenak egin du denborarik onena 36. Mendatako Sari Nagusian; ihesaldi ikusgarri baten ostean, 50 kilometro bakarrik eginda. Bere talde Baquék jaso du taldekako saria.
36. Mendatako Sari Nagusiko podiuma. Euriak eta eskauldeko aldapek epaile lana egin dute gaur goizean [uztailak 18] lehiatu duten 36. Mendatako Sari Nagusian. Gazte mailako 150 txirrindulari irten dira 10:00etan Mendatako Eleizaldetik, eta 85 kilometroko ibilbideari ekin diote Euskal Herriko Txapelketarako puntuagarri izan den lasterketan lehenengo postuetan sartzeko helburuagaz. Eleizaldeko helmugan, euria noiz hasiko itxaroten egon dira 17 eta 19 urte bitarteko txirrindularien guraso eta senideak; hala ere, eutsiko ziola zirudienean eta lasterketa amaitzeko kilometro gutxi falta izan diren momentuan, ur tantak eskualdeko errepideak bustitzen hasi dira. Hala, hainbat izan dira Mendatako aldapak jaistean eta Arratzuko bideko zuloek eraginda lurrera joan diren txirrindulariak.

Irazabal helmugan.
Imanol Irazabal Barrena izan da txirrindularirik onena Mendata eta inguruko errepide aldapatsuetan, 85 kilometroko lasterketa 02.12,05eko denboran egin ostean. Antolakuntzak Irazabalen lasterketa nabarmendu du, izan ere, txirrindulari gazteak gainerakoengandik ihes egin eta bakarrik egin ditu lasterketako azken 50 kilometroak, ikuskizun “ikaragarria” eskainiz. Ez da hori izan Baqué taldeko txirrindulariak gaurkoan irabazi duen garaikur bakarra: etxera eraman ditu Tarteko Helmugen Saria, Mendiko Saria eta txapelagaz batera, Euskal Herriko Federazioak emandako mailot berdea.
Garaje Tolosa taldeko Eneko Ugartemendia Parrak hirugarren postuan zeharkatu du helmuga eta Baqué taldeko Jordi Whitek eskuratu du bigarren postua, 02.16,51ko denboragaz, eta helmuga zeharkatzeagaz batera izandako erorketa bat izan ostean. Mendatako errepideek agerian utzi dute Baqué taldeko txirrindulari gazteen indarra, hala, eurek izan dira taldekako Euskal Herriko saria jaso dutenak.

Indar handia erakutsi du Baqué taldeak.

Jordi White, Imanol Irazabal, Eneko Ugartemendia podiumean, Goretti Zugazaga zinegotziagaz.