Tradizioak berritzen jarraitzeko Karmengo Amaren Eguna
Karmengo Amaren egunez prozesioan atera dira elantxobetarrak eta, lehenengoz, Elantxobe Arraun Taldeko emakume arraunlariek eraman dute Karmengo Ama Birjina. Bermeon Mañu azoko jaiei hasiera eman die umeen jolasekin, eta zapatua bitartean denetariko ekintzez gozatuko dute.
Itsasoarekin eta arrantza tradizioagaz lotura estua dutenentzat egun berezia da gaurkoa [uztailak 16], itsasoko arriskuen aurrean hainbat erregu entzun dituen Karmengo Amaren eguna ospatzen baita. Ehunka eta ehunka urtez arrantzaleen zaindari nagusitzat jo denez, Busturialdeko herri arrantzaleetan, hala nola, Elantxoben eta Bermeon, kalera atera dira Karmen eguna ospatzeko.
Tradizioari jarraiki, tingladupean zuten ipinita hitzordua elantxobetarrek eta, beste urte batez, herritarrek ez dute hutsik egin. Kolore urdina soinean eta arrantzale zapia lepoan ondo lotuta, meza entzuteko elkartu dira. Jarraian, abadearen aginduei jarraiki, hortensia lorak jaso dituzte ume eta helduek Ama Birjinaren ingurutik, beranduago eskaintza egiteko helburuagaz. Orduan bai, prozesioan irteteko prest zeuden denak ala denak.

Karmen eguneko prozesioa, Elantxoben
Historikoki, Elantxobeko gizonak ziren Karmengo Ama lepoan hartu eta prozesiao gidatzeko ardura zutenak. Duela urte batzuk baina, Elantxobe Arraun Taldeak hartu zuen horien lekua, zehazki, arraun taldeko gizonezkoek. Gaurkoan ordea, lehenengoz, klubeko emakume arraunlariek hartu dute Karmego Ama kurtzeko kaiaren puntara arte eramateko ardura. Abadearen, alkatearen eta arraunlarien atzetik, pozik egin dute herritarrek ibilbidea, laburra bada ere beraientzat esanahiz betea dagoena.
Helmugara iristean eliz-abestiak kantatuta, elantxobetar batek aurreskua dantzatu dio Ama Birjinari, bere herrikideen txalo artean. Orduan bai, txiki zein helduek lorak altxatu eta itsasora jaurti dituzte, petaloz petalo, adarrez adarrak, kolore arrosa eta morez bete dute ura. Tradizio formalena amaituta, sardina janean batu dira herritarrak: borondatearen truke, sardinez eta jan-edanaz gozatzeko aukera izan dute. Ardoa fanfarreagaz jarraitu du festak, tabernaz taberna ibili baitira herritarrak.
Eguerdian berotik ihes egin eta atseden hartzeko tartea izango dute elantxobetarrek baina ez da luzeegia izango: 17:00etan umeek puzgarriez gozatzeko aukera izango dute.
Bermeoko Mañu auzoan gaur hasi dute jai giroa, eta zapatura [uztailak 18] bitartean jarraitzeko asmoa dute. Denetariko ekintzez jositako egitarauari tiraka, gaur umeak izango dira protagonista nagusiak. Goizean, meza nagusiaren ostean, jolasak izan dituzte aukeran eta, arratsaldean, gaztelu puzgarriekin gozatuko dute. Gainera, auzotar guztiak bilduko dituen herri kirol saioa ere izango dute, 19:30etik aurrera.

Umeentzako askotariko jolasak antolatu dituzte Mañun
Bihar [uztailak 17] iluntzean izango du jarraipena egitarauak Mañun, bakailaoa dastatu eta zaldi probak ikusteko hitzordua baitute ipinita. Zapatuan, berriz, tortilla txapelketa izango dute batzeko aitzaki: 18:00etan izena eman beharko dute eta 20:00etan, kozinatutakoak aurkeztu. Bitartean DJ Bogda Ruma egongo da jai ingurua girotzen. Auzoko jaiak agurtzeko, tortilla onenak egin dituzten horiei sariak banatuko dizkiete.

Karmengo baselizan batu dira gautegiz arteagarrakGautegiz Arteagako Udala
Gautegiz Arteagako bizilagunek ere ospatu ohi dute Karmen eguna, eta aurten ez da ezberdin izan. Izan ere, Zendokiz auzoa izan dute topaleku, Karmengo baselizan meza entzuteko. Domekan [uztailak 19] ere batuko dira mezan eta, ostean, Artie Dantza Taldeko dantzariek emanaldia eskainiko dute.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.