Lurgaiak eukaliptoak kentzeko jardunaldia egingo du Bermeon
Eukaliptoak kentzeko jardunaldia antolatu du Lurgaia Fundazioak Bermeon. Zapatuan [uztailak 18], Burgon ariko dira zeregin horretan, eta horretarako, 09:30ean elkartuko dira Mañu auzoko aparkalekuan. “Eukaliptozko monolaborantzaz jositako paisaian, biodibertsitateari leku bat emango diogu etorkizunean, lursail horretako eukaliptoak kenduz. Bertatik ikuspegi ederra izango dugu Kantauri itsasora begira. Joan den neguan hasi ginen australiarrak ez diren espezieen zuhaitzez betetzen lursail hau, eta datorren neguan gehiago landatuko dugu”, azaldu dute fundazioko kideek.
Jardunaldian parte hartzeko zenbait aholku eman dituzte; ur nahikoa, ontzi berrerabilgarrian eta, nahi izanez gero, zerbait jateko eramateko esan dute. Horrez gain, praka luzeak, mendiko botak eta eguzkirako krema eroatea aholkatu dute, eta uretako arropa edo aterkia, euriarekin. E txanoa eta abar.
Adin guztietarako jarduera dela zehaztu dute, eta bertan parte hartzeko aurretiaz izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, info@lurgaia.org helbide elektronikora mezua bidali behar da. Mezuan datu hauek zehaztu behar dira: parte hartzaile guztien izen-abizenak, adinak eta udalerriak, harremanetarako telefono zenbaki bat, eta ibilgailurik ez dutenentzako ibilgailua partekatzeko prest daudenei jakinarazteko eskatu diete.
Denboraldiko datuak. 2025-2026 denboraldian, 23.388 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatu dituzte fundazioaren deialdietan. Ale horietako asko boluntarioekin burututako 63 jardunaldietan landatu dituzte, eta adin eta baldintza guztietako 1.596 pertsonak parte hartu dute: “Beste denboraldi bat bete dugu biodibertsitatearen alde komunitatean lanean. Beste denboraldi batez, ehunka pertsona, erakunde eta enpresa inplikatzea lortu dugu, guztion onerako eta basoen alde”. Izan ere, basoak berreskuratuz beren enpresa-jardueraren “zati bat konpentsatzea” erabaki duten erakunde eta enpresen hainbat proiektutarako landaketak ere egin dituzte: “23.388 zuhaitz eta zuhaixka berri izango dira etorkizuneko baso horietan. Jakina, bertako espezieak dira, lurzati bakoitzari eta haren baldintza ekologikoei egokituak: lurzoruek materia organikoa ematen duten espezie aitzindariak, fruituekin laguntzen duten espezieak eta espezie klimazikoak, pausatuagoak”.
Fundazioak emandako datuen arabera, denboraldi honetan landaketa eremu berri hauetan hasi dira beharrean: Busturialdean, Berrekondo bailara Mendatan, Txaloeta Bermeon eta Mape errekaren arroa Busturian eta eskualdetik kanpo, Oinatz Azpeitian, Muso Ziortza Bolibarren eta Zestoan. Aurreko urteetan hasitako proiektu hauek hedatzen jarraitzen dute: Arburu-Bizkargi Muxikan, Undabason, Belatxiketan, Urko mendia Eibarren, Karakate Soraluzen, Arrankudiaga… Horrekin guztiarekin, etorkizuneko basoen “48-49 hektarea inguru berreskuratzea” erraztuko dute, eta Undabasoren hazkundea azpimarratu dute: “Dagoeneko 234 hektareatan dago, eta espero dugu hazten jarraitzea”.
Datozen hilabeteetan ere ingurumenaren alde lan egiten eta dibulgazioan sakontzen jarraituko dutela adierazi dute.