Lider izateko bidea zabaltzen ari da 'Bou Bizkaia'
Castroko estropada irabazita, XIV. Caixabank Bandera astindu zuten bermeotarrek zapatuan [uztailak 11]. Orion herriko eskifaiak eskuratu zuen bandera, hala, lehia bizirik mententzen ari dira ligako nagusiak.
Bermeotarrek eskuratu zuten bandera Castron.Bermeo Arraun Argazkiak Eusko Label Ligan onenen artean dagoela berretsi du Bermeo-Urdaibaik joan den asteburuan, eurek astindu baitzuten zapatuan [uztailak 11] XIV. Caixabank Bandera Castro Urdialesko uretan. Ez zen estropada erraza izan kantauriko traineru eta patroirik onenentzat, olatu artean sortutako zuloek traineruak zuzentzea zaildu baitzuen eten barik, hala ere, bermeotarrek euren maila mantendu eta 3 miliak 21.20,30 eko markagaz egin zituzten. Getariak eman zuen ikuskizuna aurreko jardunaldian, eta oraingoan ere gehaigo ematera etorri dira. Ez dute nahikoa izan hirugarren txandan lehiatzeagaz, hala, Esperantza bigarren postura eraman zuten getariarrek, Orio liderraren aurretik geratuz.
Domekan Oriok hartu zuen ligako bosgarren estropada, eta herriak lehiatzeak emandako indarragaz lortu zuten San Nikolasek Orioko 36. Bandera. Lehen ziabogara heltzeagaz batera agerian geratu zen horiek ondo ezagutzen zituztela etxeko urak, eta 20.16,66ko denboragaz, erantzuteko aukerarik barik utzi zuen bigarren postuan zetorren Bou Bizkaia. Hirugarren postua eskuratu zuen Hondarribiak; eta laugarrena Getariak.
Hala, sailkapen nagusian 56 puntugaz dago Orio, eta 3 gutxiagogaz jarraitzen dio Bou Bizkaiak.

KAE 2 Ligari begira, Camargon lehiatu zen Busturialdea zapatuan. Lehen txandan lehiatu eta hiru miliak 23.01,56ko denboragaz eginda, txandako onenak izan ziren. Domekan Lekeition ureratu ziren traineruak, eta seigarren postua eskuratu zuen Busturialdeak. Hala, Castro eta Camargo lehen bi postuetan mantentzen diren artean (47 eta 43 puntu), Busturialdea bosgarrenean dago, 25 puntugaz.