Kinielen lehia eta askoz gehiago, udako txapelketa garrantzitsuenetakoan
Gernikako Grand Slama zapatuan [uztailak 18] hasiko dute, eta txapelketa horretan lehenengoz ariko da Iñigo Unda etxeko puntista. Lehenengo bi jardunaldietan, kinielak jokatuko dituzte.
Puntista eta zesta-punta zaleek udako egutegian markatutako hitzordua hastear da. Zapatuan [uztailak 18] hasi eta abuztuaren 16ra bitartean jokatuko dute Gernikako Grand Slama, Jai Alai Ligarako puntuagarria izango dena. Jai Alai pilotalekuak berrikuntzekin datorren “udako txapelketarik amerikarrena” hartuko du, maila goreneko puntistek ordubeteko kiniela amerikarraren formatuan lehiatuko baitituzte finalaurrekoetarako txartelak.
Txapelketak bost jardunaldi izango ditu, eta multzokako fasea kiniela amerikar erara egingo dutenez, zesta-puntaren katedralera hurreratzen direnek lau puntista ikusi beharrean, zortziren arteko lehia ikusteko aukera izango dute fase horretako jardunaldi bakoitzean. Formatu aldaketagaz “kontzeptu arin eta udatiarragoa” bilatu dute antolatzaileek. Hala, hamasei puntista kantxaratuko dira grand slamaren aurtengo ekitaldian, bi multzotan banatutako zortzi bikote “lehiakor” osatu baitituzte.
Jai Alai pilotalekua oso ondo ezagutzen duten hiru puntista gernika-lumotar kantxaratuko dira zapatuan, A multzoko kinielan: Xabier Barandika, Unai Lekerika eta Iñigo Unda. Lesio batetik itzulti berri den Barandikak Mikel Mantsizidor izango du bikotekide eta Lekerikak, aldiz, Eñaut Urreisti; beraz, biek mutrikuarrak izango dituzte alboan. Maila honetan debuta egingo duen Undak, ostera, Aritz Erkiaga ispastertar beteranoa izango du aurrelari: “Gabonetan partidu bat jokatu genuen elkarrekin, eta uste dut niretzat aukera ona dela berarekin Gernikan jokatzea, frontoia ondo ezagutzen duelako”, adierazi du gernika-lumotarrak. A multzoa Ekaitz Mendizabal Goixerrik eta Jon Bullet Zabalak osatuko dute.

B multzoari dagokionez, oraindik osatzeko dago. Ludovic Laduche- Ion Ibarluzea, Jean Olharan-Gorka Mugartegi Atain eta Alex Goitia-Thibault Basque bikoteek zapatuan ezagutuko dute multzoko laugarren bikotea: Johan eta Gorka Sorozabal edo Bixente Gonzalez-Theo Laborde. Zapatuan 21:00etan jokatuko dute partidua, ohiko formatuan, grand slamaren kinielak hasi aurretik. Irabazlea B multzoko bikote izatera igaroko da.
Puntista batzuk, alegia, AEBtan ibilitakoak direnak, esperientzia zabala dute kiniela formatuan, beste batzuk, ordea, ez daude horren ohituta: “Ia zazpi urtez egon nintzen Danian, eta bertan beti kinielak egiten genituen; halere ezberdina izango da: han zortzi bikote ginen eta zazpi tantora jokatzen genuen. Hemen zortzi bikote egongo gara, ordubeteko kinielan. Gainera, azken hamar minutuetako tantoek bikoitza balioko dute, eta hori aldagai garrantzitsua izan daiteke”, azpimarratu du Lekerikak. Barandikak, ostera, kiniela formatuak partidua “politagoa” egiten duela uste du, “tentsio gehiago” sortzen baita.
Bikoteen gehiengoak Urreisti-Lekerika bikotea dute faboritotzat, baina etxeko puntistak argi dauka partidu txarra eginez gero, faborito izateak ez duela ezertarako balio. Halere, “teknikoki egoera onean” helduko dio txapelketari: “Joko aldetik azken bi master seriesetan oso gustura aritu naiz, eta fisikoki ere ondo nago, gustura sentitzen naiz kantxan”.
Urreisti mutrikuar aurrelaria hasteko “gogotsu” dago. Berak esan bezala, udako txapelketa garrantzitsuetako bat da Gernikako Grand Slama, eta emaitza onak lortzeko gogoz dago. Elkar ondo ezagutzen duten bikotea osatu dute, eta atzelari gernikarraren joko maila azpimarratu du: “Etxeko mutila da, publiko asko ekartzen duena, eta joko maila altuan dabil”.
Oro har, bikote oso gogorrak daudela adierazi du, eta, gainera, kinieletan “gauza asko” gertatu litezkeela gogoratu du: “Ez gara faborito ikusten. Gainera, ohituta ez gauden erara jokatu behar dugu; kinielan gauza asko pasatu litezke, eta azkenengo hamar minutuetan puntu bikoitzak jokoan egonda, partiduari buelta eman dakioke. Joko estilo desberdina da, eta, agian, lau bikote egonda, gelditu eta kanpoan denbora gehiago egon behar duzunez, fisikoki hoztu egiten zara, baina horretarako prestatzen gara, badakigulako zer den. Iparraldean All Starrean horrela jokatzen egon gara Aste Santuan, eta gauzak funtzionatu dute, eta espero dugu hemen ere horrela izatea”. Horrenbestez, “lanak ondo egin” beharko dituzte finalaurrekoetara sailkatzeko.

Euskal Herria Challenger mailan —Jai Alai Liga barruan 24 pilotarik lehiatzen duten bigarren mailako zirkuituan— lehiatu ohi da Unda, baina oraingoan, Erkiagagaz batera, egungo pilotari onenen kontra jokatu beharko du. Gernikako Grand Slama lehiatzeko aukera izateagatik “pozik” dago baina, aitortu duenez, Jai Alai pilotalekua da urduri jartzen den frontoi bakarra: “Gernikan jokatzeak zerbait berezia dauka; jende asko etortzen da eta lagun asko ere bertaratuko dira. Pozik nago”.
Urduritasunak baztertuta, “alde” duen kiniela sisteman jokatzeko aukera aprobetxatzeko gogotsu dago: “Kiniela sistema nire aldekoa dela uste dut, fisikoki gutxiago exijitzen duelako”. Arlo psikologikoan ipini beharko du fokua gernika-lumotarrak, izan ere, berak nabarmendu bezala, huts egiteak “azkar ahaztu” behar izango dituzte denek, segituan berriro kantxara sartu beharko baitira.
Mungian irabazita, “konfiantzarekin” helduko da Goixerri. Aurrelari mutrikuarra Zabala markina-xemeindarragaz kantxaratuko da zesta-puntaren katedralean. Bikote oso gogorrak daudela nabarmenduta, eta faborito ez direla jakinda, “lasaiago eta askeago” jokatzeko aukera daukatela uste du: “Irabaztera irtengo gara, eta finalerdietarako txartelaren bila. Zabala indartsua da, eta egun ona edukiz gero, oso arriskutsua izan liteke”. Biak ondo arituz gero, “lan polita” egin dezakete, eta hori dute helburu. Zabalak tantoak dominatu eta berak aurreko koadroetan tantoa amaitzeko estrategiarekin lehiatuko dira.

Mutrikuarrarentzat ere Urreisti eta Lekerikak osatutako bikotea da euren multzoko faborito nagusia, eta Barandika eta Mantzik ere bikote “segurua eta gogorra” osatzen dutela deritzo. Era berean, Erkiaga maisua ere kontuan hartu beharreko aurkaria dela argi dauka. Bere hitzetan, “izar denak daude euren kinielan”, baina “gerra ematen” saiatuko dira, finalaurrekoetan sartzeko helburuara lortzeko lan eginez.
Barandikak “kantxan ahalik eta denbora gehien ematea” du helburu. Izan ere, urtarrilaren bukaera aldera ukondoko olekranon hezurra apurtu zion pilotakada jaso zuen, eta duela gutxi itzuli da kantxara: “Lau partida jokatuta helduko naiz Gernikako Grand Slamera, baina gero eta hobeto sentitzen naiz”. Gernikarrak “poztasunez” hartu du kiniela formatura jauzia, eta “jendeak nola erantzungo duen ikusteko gogoz” dago: “Jokatzeko, partidua politagoa egiten du, tentsio gehiago dago. Egia da sartu-irten horretan ondo moldatu behar zarela, kantxan gero eta minutu gehiago egon, puntu gehiago baitituzu. Uste dut publikoarentzat interesgarria izango dela mugimendu gehiago egotea”.
Etxeko aurrelariak Mantzisidor izango du atzealdean, baina aurtengoa ez da elkarrekin jokatuko duten lehen aldia izango: “Pilotari oso segurua da, lan egitea gustuko duena. Uste dut bikote ona osatzen dugula, kantxan zein kanpoan ondo moldatzen garelako”. Goitia-Basque eta Urreisti-Lekerika bikoteak “indartsu” ikusten baditu ere, “partidu onena” egiten duenak irabaziko duela azpimarratu du: “Haien kontra jokatu behar denetan, estrategia on bat aurkitu behar da”.
B multzoan, Goitia aurrelari markina-xemeindarrak Basque bidartarra edukiko du atzeko koadroen zaindari, eta bere ustez, bikote ona osatuko dute: “Gogoz eta esperantza onekin nator”. Ondo daki zer den kinielak jokatzea, eta beraz, segurtasuna eta pazientzia ezinbesteko osagaiak izango direla zehaztu du: “Esperientzia badaukat; Danian ibili nintzen urtebetez, baina ez naiz kinielen zale. Desberdin jokatu behar da, seguruago eta pazientzia gehiagogaz”. Hain zuzen ere, horretan huts egin dezakeela badaki, eta, beraz, erronka hori gainditzeko ahalegin betean ariko da.
Berak ere Urreisti-Lekerika bikotea dauka A multzoko hautagai nagusitzat, baina euren multzoari dagokionez, faborito argirik ez du ikusten. Eurak pilotakada askotan nagusitasunez aritzeko moduan ibiliko direla uste du: “Normalean Basquek dominatu egiten du Gernikan, eta nire iritziz, ondo aritzeko aukerak edukiko ditugu; tantoak egitea kostatuko zaie besteei. Eta sakea kentzea oso garrantzitsua izaten da Gernikan. Pilotakada askotan dominatuko dugu; pazientziagaz jokatzen baldin badugu, aurkariak gehiago arriskatu beharko dira, eta hori euren kalterako izan liteke”. Beraz, seguru jokatuta eta dominatuta aldea ateratzea izango dute helburu.

Ibarluzea markina-xemeindarra eta Ladutxe getariarra ere udako txapelketa jokatzeko “gogotsu” daude. Goitia herrikidea modura, Ibarluzea ere ez da kiniela zalea; nahiago du partidua jokatu. Formatu berrira “egokitu” beharra izango duela onartu du: “Hasiera apur bat gehiago kostatzen zait eta kinielan hasieratik oso kontzentratuta irten beharko gara, akatsik eginez gero, kanpoan baitzaude”. Edonola ere, Ladutxegaz ondo moldatzen da, eta bikote “sendoa” osatzen dute; gainera, getariarrak Jai Alai pilotalekua “ondo ezagutzen” duela nabarmendu du. A multzoagaz alderatuta, beraien multzoa “parekatuago” dagoela deritzo: “Kinielan gainera, gehiago berdintzen da dena, eta uste dut edonork egin dezakeela aurrera”.
Ordutegiak eta sarrerak. Kiniela formatuan egingo diren lehen bi jardunaldietako eta osteko bi finalaurrekoetako jaialdiak 21:00etan hasiko dira. Lehenengo Challenger zirkuituko partiduak lehiatuko dituzte eta, ostean, grand slameko partiduak.
San Roke eguneko final handia, berriz, 18:00etan jokatuko dute, eta ETB bidez jarraitu ahalko da.
Gernikako Grand Slama ikusi gura dutenek dagoeneko eskuragarri dituzte bonuak eta eguneko sarrerak, Eraman Jai Alairen web orrialdean. Finaleko sarrerak, ostera, abuztuaren 4an [martitzena] jarriko dituzte salgai.
Txapelketa ikusteko pilotalekura bertaratzen direnek, kiniela fasean “apustu txikiak” egiteko aukera izango dute, 2 euroren truke bikote irabazlea aukeratuz. Aurreratu dutenez, asmatzaileen artean zozketak egingo dituzte.