"Biribila" izan da Gorefest jaialdiaren 26. aldia
Film laburren emanaldiak 100 lagunetik gora elkartu zituen barikuan [uztailak 10] Bermeoko zinema aretoan, eta Deabru Beltzen ikuskizuna ere arrakastatsua izan zen: "Dena oso-oso ondo eta sinkronizatuta atera da. Oso pozik gaude aurtengoagaz"
Photocall-a jarri zuten zinema atarian.Spookypheria Productions Spookypheria Productions elkarteko kideek barikuan [uztailak 10] eduki zuten urteroko hitzordu garrantzitsuetako bat, eta dena “oso ondo” aterata, “oso-oso pozik” geratu dira aurtengo Gorefest jaialdiagaz. Hamahiru film labur, Deabru Beltzen ikuskizuna eta Gorekids gunea eduki zituzten martxan, eta denek ere, erantzun ona eduki dutela nabarmendu dute: “Aurtengoarekin oso-oso pozik geratu gara. Iazko 25. urteurrena eguraldiak baldintzatu zuen arren, aurten dena irten da pentsatuta geneukan bezala. Biribila izan da”.

Lau sarrera baino ez ziren geratu saldu barik.Spookypheria Productions
Ia sarrera guztiak salduta, 20:00etan hasi zuten jaialdiaren 26. aldia, zineman: “Jendearen aldetik oso erantzun ona eduki dute hamahiru film laburren emanaldiak. 123 pertsonarentzako tokia dago zineman, eta lau sarrera baino ez ziren geratu saldu barik. Gainera, antolakuntza aldetik ere oso puntual ibilbi gara. Gauza guztiak gertatu behar ziren unean gertatu dira; girotzearen kasuan, esaterako, aktoreak sartu behar ziren unean sartu ziren. Dena oso-oso ondo eta sinkronizatuta atera da. Oso pozik gaude aurtengoagaz”.
Film laburren emanaldiaren ostean Deabru Beltzen musika eta pirotekniak ikuskizunaren txanda izan zen, eta deabruek jende ugari elkartu zuten Lameran: “Jendea zinematik irten zenean hasi ziren perkusioa egiten. Proiekziora etorri ez zen jendea ere etorri zen ikuskizuna ikustera, eta jende pila bat elkartu ginen. Ikuskizun oso polita izan zen”. Iazko arantzatxoa kenduta —eguraldiaren ondorioz ezin izan zuten ikuskizuna egin— “oso pozik” geratu dira antolatzaileak.
Umeen gunea iaz jaialdiaren 25. urteurrenarekin batera estreinatu zuten, eta martxa hartzea kosta egin bazitzaion ere, azkenerako ume ugari elkartu ziren gunean. Marrazkiak margotzera, aurpegiak pintatzera, jolastera nahiz puxikak hartzera bertaratu ziren umeak, eta “giro polita” egon zen.

Photocall-a jarri zuten zinema atarian.Spookypheria Productions