Dantza, kolore eta klaxon hotsak, sankristobalei ongi etorria emateko
Irrintzi Alaikoen emanaldiagaz, auto apaiduen erakusketagaz eta Otsozulo Gazte Asanbladakoen gazte-bazkariagaz, martxan dira dagoeneko San Kristobal jaiak Busturian. Domekara bitartean denetariko ekintzez gozatuko dute; ez dira kirola, danborrada eta kontzertuak faltako.
San Antonio, Santiago eta Santa, Edurtzetako Andra Mari… asko dira busturiarrek udan zehar izaten dituzten hitzorduak, auzoz auzo banatuta udalerriko jai guztien ordua ailegatzen baita urtaro beroenagaz batera. Gaur [uztailak 10], uda hasieran jende gehien pilatzen duen festan elkartu dira, San Kristonal egunez hiru egun iraungo duten sankristobalei hasiera emanez. Azken urteetan ohitura bihurtzen ari den legez, eguraldi beroa izan da protagonista gaur goizen, baina heritarrek gogor eutsi diote; zapia lekuan eta edari freskoa eskuan, gogotsu eman diote domekara bitarteko festa giroari ongi etorria.
Betikoari eutsiz, txupinazoa bota eta txistularien kalejiragaz ekin die busturiarrek San Kristobal egunari. Izen bereko baselizara bertaratuz joan dira asko, tradizioari eutsiz meza entzuteko. Orain bai, zapia lepoan, kan-edanean elkartu dira plazan Irrintzi Alai dantza taldekoen emanaldiaz gozatzeko. Zerua lainotuta egonik ere, bero dezente igaro dute dantzariek, baina horrek ez die irribarrea ahotik kendu herriko dantzari txiki zein helduei.
Gidarien zaindaria omen da San Kristobal, eta horregatik, ibilgailuek hartu dute eguerdian plaza, beste urte batez auto apainduen erakusketa egin baitute. Aurtengoa berezia izan da gainera, parte hartzeari dagokonez marka guztiak hautsi batira: 18 ibilgailuk parte hartu dute: “Inoiz baino parte hartze handiagoa izan dugu, beraz, eskerrik asko”, adierazi dute antolatzailee sari banaketagaz hasi aurretik.

Sariak banatzeko ibilgailuak hiru taldetan banatu dituzte: turismoak, noranahiko ibilgailuak eta kamioiak eta kart-ak. Lehen bi kategorietako hiru onenek saria jaso dute; kart- kategorian, bakarrak. Arroyabe produktu sorta jaso dute denek. Sarituak izan ez direnak, ordea, ardo botila bat eraman dute etxera. Hala, turismo mailan Eskibel Anaiak (Mercedes) nagusitu dira eta Talleres Larraurik ( Volkswagen Golf) eta Talleres Sollubek (Seat Altea) osatu dute podiuma. 4×4 ibilgailuei dagokionez Olanorentzat (Jeep) izan da lehengo postua; Luberrik (Nissan GR) bigarren amaitu du eta Barruetabeñak(Suzuki), berriz, hirugarren. Kart-etan Odeik, parte hartzaile gazteenak jaso du produktu sorta.
Gazteen topaleku.
San Kristobal eguna urte luzez izanda herriko gazteak gaueko —gaueko parragaz harago— elkarrekin egoteko baliatu duten eguna. Txokoetan elkartzen ziren bazkaltzeko hasieran, inguruetako jatetxeetara joaten hasi ziren gero. 2023ko urrian baina, Otsozulo Gazte Asanblada eratu zuten herrian, eta 2024az geroztik, herriko plaza dute jaietako egun handian topagune. “2024ean jaietan parte hartzen hasi ginen, jai batzordean sartu ginen eta txosna hartzen genuen, herriar zerbitzu bat eman nahi zitzaiolako. Orduan hasi ginen udalari mahaiak eta aulkiak eskatu eta sankristobaletako bazkaria hemen egiten”, gogoratu du Gaizka Uriarte Otsozuloko kideak. Hala, gaur ere gazte bazkarian batu dira.
Gazte bazkariak “oso harrera ona” izan du hasieratik eta horren adierazle da, gaur ere 70 eta 80 lagunen artean elkartu direla, gazte asanbladako kamisetak eta zapia lepoan dituztelarik, egunaz denak batera disfrutatzeko: “Harrera ona izan da hasieratik. Aurten 14-16 urte dituztenetatik hasi eta 35 urtera arteko jendea elkartuko gara, talde handia hartzen dugu. Izan ere, herri txiki bat gara eta gazte asko gaude; baina, adin bakoitzeko pertsona gutxi garenez, azkenean asko batzen gara”.

Argazkia: Iraide Zabala Gonzalez
Gazte Asanbladaren sorreratik dator jaietan parte hartzeko asmoa, Busturiak auzoz-auzo jai asko hartzen baditu ere, sankristobalak direlako “handienak edo uda hasieran jende gehien batzen dutenak”: “Txosna jartzea erabaki genuen; aurtengoa hirugarren aldia da eta beti oso ondo moldatu gara”. Herritarren erantzuna ere hasieratik “oso ona” izan dela nabarmendu du Uriartek, herritarrek “herriko gazteak” direla ulertu eta hainbat espaziotan “erreleboa hartzen” daudela ikusten dutelako.
Gazteen saretzea indartu du Otsozulok, batez ere pandemia ostean. Izan ere, herriko kuadrilla txiki asko inguruko herri handiagoetara joaten ziren bertako kuadrillagaz egotera, eta pandemiak agerian utzi zuen “gazteekin zerbait egiteko falta” zegoela: “Herriko gazteak asko maite dugu elkar, ikusten dugulako denok batu garela, kuadrillak batu direla; mundu guztia batzen ari gara. Oso pozik gaude”.
Bazkalondoaren ostean, Kantu Kantariz gozatuko dute pintxo potean elkarturta. 23:00etarako baina, plazara itzuliko dira denak, kontzertuen ordua izango baita: Extremoduro tributu taldea igoko da oholtzara, eta osteak, dj-a.
Bihar [uztailak 11] segituko du festa giroak: iluntzea bitartean kirola izango dute erdigunean Busturiko Ur-Zelai Futbol Taldeak antolatutako partiduekin eta Busturia Txirrindulari Taldekoek prestatutako jolasekin. 20:00etan, berriz, danborra emanaldia izango dute, Tximeleta fanfarrak lagunduta. Gaua luzatzearen ardura Txoriburu, Oxabi eta DJ Blessiveren esku geldituko da.
Jaiak agurtzeko umeen parkea eta txokolatea izango dituzte aukeran etzi [uztailak 12].
Foruan eta Nabarnizen. Sankristobalak ospatuko dituzte asteburuan Forua eta Nabarnizko bizilagunek ere. Foruarrek gaur ekin diete ospakizunei, meza eta osteko hamaiketakoan batuta. Bihar, ostera, V. Paella Lehiaketa izango dute jokoan: 12:00etan izena eman beharko dute eta 14:00etarako kozinatutakoak aurkeztu beharko dituzte, Umeen jolasak eta Xaibor diskofesta ere ez dira faltako. Domekan agurtuko dituzte jaiak, San Kristobal baselizan mezan elkartu eta gero, Urdabai Dantza Taldaren emanaldiaz gozatuz.
Nabarniztarrek ere udalerriko San Kristobal baselizan dute ipinita hitzordua domekan. Ohi legez, meza entzun ostean ez da jan-edanik faltako: urdaiazpikoa eta haragi txigortua egongo direla aurreratu dute. Festa, gainera, musikak girotuta egongo da.
EGITARAUAK
BUSTURIA
Bihar (uztailak 11)
- 12:00. Busturia Ur-Zelai Futbol Klubaren eskutik, futbol partiduak, San Kristobaleko futbito zelaian.
- 17:00. Busturia Txirrindulari Taldekoek antolatutako jolasak.
- 20:00. Herri danborrada.
- 22:30. Txoriburu, Oxabi eta DJ Oblessive.
Etzi (uztailak 12)
- 17:00. Umeen parkea.
- 20:30. Txokolatea.
FORUA
Bihar (uztailak 11)
- 12:00. V. Paella Txapelketarako izen ematea.
- 14:00. Paellen aurkezpena eta sari banaketa.
- 15:00. Umeen jolasak eta herriko jokoak.
- 17:00. Xaibor diskofesta.
Etzi (uztailak 12)
- 12:30. Meza.
- Ostean. Urdaibai Dantza Taldea.