Helduei zuzendutako musika eskolak eskainiko ditu SOMEk, goizeko ordutegian
Adina edozein izanik ere, edonork musika instrumentu bat ikasi ahal izatea da Segundo Olaeta Musika Eskolakoen helburua. Horrez gain, Rockaldunak koru-proiektua ere jarriko dute martxan 2026/2027 ikasturtean.
Musika prestakuntza publiko berriari zabaltzeko helburuagaz, datorren ikasturtetik aurrera goizeko ordutegian ere ateak irekiko ditu Segundo Olaeta Musika Eskolak. Helduei zuzendutako eskolak eskainiko dituzte, arrazoi ezberdinak tarteko ikasketak utzi behar izan zituztenek berriro ekin ahal izateko.
Gernika-Lumoko udaletik nabarmendu dutenez, musika eskolako ordutegiak zabaltzeak musika ikaskuntza eta eguneroko bizitza bateragarri egitea ahalbidetuko du, batez ere orain arte musika eskolan sartzeko zailtasunak zituzten horientzat: “Helburua da edonork, adina edozein dela ere, instrumentu bat ikasi edo musikaz berriz gozatu ahal izaatea”, argitu dute. Hala, eskaintza berriagaz goizez txirula, gitarra, pianoa, panderoa, alboka, metalezko haize-instrumentuak, biolina eta biolontxeloa jotzen ikasteko aukera izango dute, “ikasleen prestutatsunera” egokitutako eskolak eskainiko baituzte asteko hainbat egunetan.
Musika “adinaz ulertzen ez duen ongizaterako, ikasteko eta garapen pertsonalerako tresna” dela azpimarratu du SOMEko zuzendariak: “Eskaintza berri honekin, musika eskolaren ateak zabaldu nahi dizkiegu betidanik musika tresna bat ikasi nahi izan dutenei, musika ikasketak atzean utzi behar izan zituztenei edota orain zaletasuna berreskuratu nahi dutenei”.
Rockaldunak.
Goizeko eskolak ezartzeaz gain 2026/2027 ikasturterako beste berrikuntza bat ere prest dute SOMEkoek; Rockaldunak koru-proiektua egingo dute, estreinako.
18 urtetik gorakoei zuzendutako proiektua izango da eta, aurreratu dutenez, ahots proiektu berrian “euskal pop-rockeko abesti adierazgarrienetako batzuk berrinterpretatuko” dituzte, 80ko hamarkadatik hasi eta gaur egungoetara arte. Abeslari bakarlariak, koru-lana eta laguntza instrumentala uztartuko ditu ekimenak.
Rockaldunak prestakuntza saioak martitzenetan egingo dituzte, 19:30etik 21:00etara arteko ordutegian. Jakinarazi dutenez, proiektuan aurretiazko musika esperientzia dutenak zein “besterik gabe abesten gozatzen dutenak” parte hartu dezakete: “Proiektu kolektibo baten parte izan nahi dutenentzat da”.
Insteredunek uztailean formalizatu beharko dute matrikula, bestela bigarren inskripzio aldira itxaron beharko dute —irailaren 1etik 30era—.