Uztaileko eguen iluntzeak girotzeko "kultur eskaintza zabala" prestatu dute
Muxikako Udalak Eguenien ze einbizu? ekimena antolatu du laugarren urtez. Etzi [uztailak 9] hasita, uztaileko eguen iluntzeetan bakarrizketak, kontzertuak, literatura, bertsolaritza eta gastronomia saioak izango dituzte herritarrek aukeran.
Argazkia: Muxikako Udala Herri eta auzo ezberdinetara kultur-eskaintza zabaltzeko helburuagaz, Muxikako Udalak Eguenien zer eibizu? ekimena antolatu du laugarren urtez. Herritarrei herritik irten barik “publiko guztientzat pentsatutako kultur eskaintza zabalaz” gozatzeko aukera eskainiko dien programa etzi hasi [uztailak 9] eta uztaileko eguen iluntzeetan zehar luzatuko da, uztailaren 30ean amaitu arte.
Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere kultur diziplina ezberdinei tartea egin nahi izan diete; hala, bertaratzen direnek bakarrizketak, kontzertuak, literatura, bertsolaritza eta gastronomia izango dituzte aukeran. Helburua herriko bazter guztietara iristea izanik, aurten Ibarruri, Ugarte eta Gorozika izango dituzte topaleku.
Etzirako dute ipinita muxikarrek hileko lehen hitzordua, eta ekimenari hasiera barre artean emateko, Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren Eskailerapekoa bakarrizketa entzuteko elkartuko dira, 19:00etan, Ibarruriko pilotalekuan. Aurreratu dutenez, Torregarai eta Martiarenak ezkutuko gaiak, krisiak eta aukerak izango dituzte barre algarak eragiteko gai.
Hilaren 16an jarraituko dute zapore gozodun programazioagaz; 19:00etan Remenetxe jatetxera bertaratuko dira, Muxika munduari begira lelopean ardo dastaketa egiteko. Jon Andoni eta Iratxe Rementeria sommelierrak izango dituzte “munduko ardo ezberdinen” dastaketan gidari. Bestelako ekintzetan ez bezala, dastaketan parte hartzeko aurretiaz izena eman eta tiketa erosi beharko da: Zubieta-Errota liburutegian daude salgai, 25 euroren truke.
Uztaileko hirugarren hitzordurako herrian ezaguna duten Ez da kasualitatea bertso saio musikatua antolatu dute, Ugarteko elizpean. Azken bi urteetan bezala, “punta puntako bertsolariak” diren Onintza Enbeita herrikidearen, Nerea Ibarzabal markina–xemeindarraren, Uxue Alberdi elgoibartarraren eta Miren Amuriza berriztarraren bertsoez gozatuko dute, 19:00etatik aurreta. Gai jartzaile lanak Ainhoa Urienek egingo ditu, eta Garikoitz Otamendi eta Araitz Bizkai izango dira musikariak.
Uztaila agurtzeko batuko dira uztailaren 30ean, eta ordurako hitzordu bikoitza prestatu dute udaletik. Hasteko, Garazi Albizua idazlearen Hotsak ipuinaren aurkezpenean batuko dira, 19:00etan, Gorozikako txokoan. Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan sortutako lana da Hotsak, Hamaika irakurtzeko jaioak bildumaren parte den ipuina. Albizuak Ortzaizen egin zuen egonaldia, eta bertan sortutako lana hurbilduko die muxikarrei.
Txokotik plazara egingo dute jauzi gero: 20:00etatik aurrera Galbahe taldeak Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko diska aurkezteko kontzertua eskainiko du: “Gotzon Barandiaranek Galbahea poema liburua idatzi zuen, eta horretan oinarritutako taldea sortu dute; poemak musikatu dituzte”, azaldu dute antolatzaileek. Lander Bilbao, Mariana Blanco, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarrak liburuko poemak errezitatu eta kantatuko dituzte, idazleagaz batera.
Udaletik Saltsamendi, Gaukari eta Kolakaine txokoen laguntza eskertu eta ekintzetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.