Bermeo-Urdaibai, Bilboko uren jabe
Lehia bizian aritu dira joan den asteburuan [uztailak 4 eta 5] Bermeo-Urdaibai eta Orio. Asteburuko jardunaldiek emandakoagaz, bigarren postuan dago Bou Bizkaia Eusko Label Ligako sailkapen orokorrean.
Bermeotarrek astindu dute Bilboko bandera.Bermeo Arraun Argazkiak Bermeo-Urdaibaik eskuratu zuen zapatuan XVII. Bilboko Bandera, lau luzeak eta hiru ziabogak jardunaldiko markarik onenagaz osatu ostean (19.56,20). Bilbon eta Zierbenan jokatu zituzten joan den asteburuan Eusko Label Ligako bigarren eta hirugarren jardunaldiak, eta bermeotarrek onenen artean daudela argi erakutsi dute ur gainerko lehian. Bilbon, lau segundo gehiago behar izan zituen Oriok hiru milietako erlojupekoan, bigarren postua lortuz. Hirugarren postua Zierbenak eskuratu zuen, 20.02,96ko denboragaz. Domekan Oriok lehen postua berreskuratu eta berena egin zuen 43. Petronor Bandera. Aurreikuspenek bermeotarren traineruea bigarren postuan jarri bazuten ere, Getariak eman zuen jardunaldiko sorpresa. Bigarren txandako traineruak 20.13,86ko marka egin eta Bou Bizkaiaren 20.21,40ko denbora gaindituta, estropadako bigarren postua eskuratu zuen.
Asteburuak emandakoa ikusita, agerian geratu da ligak Orio eta Bermeo-Urdaibairen arteko lehia bizia eskainiko duela datozen jardunaldietan. 12 puntu gehitu zituen Bermeok zapatuan sailkapenera, eta beste horrenbeste gehitu zituen Oriok domekan. Hala, 35 puntugaz lehen postua mantentzen ari da Orio, hala ere, Bou Bizkaia hurbiltzen ari zaio, 31 puntugaz.
KAE 2 Ligari dagokionez, II. Bilboko Promozio Bandera jokatu zuten Bizkaiko hiriburuan. Hiru miliak erlojupean egin zitzuten zortzi traineruek, eta aurreko jardunaldietakoari jarraituz, Castrok erakutsi zuen nagusitasuna 20.39,97ko denboragaz. Sailkapen orokorrean bigarren postuan dagoen Camargok, bigarren egin zuen Bilboko uretan. Busturialdeak bosgarren postua lortu zuen erlojupekoan 21.32,41ko denboragaz, hala, lau puntu gehituta, bosgarren postuan dago sailkapen orokorrean. Castro eta Camargoren arteko norgehiagokoa agerian geratzen da sailkapen orokorrean, 31 eta 29 puntugaz, hurrenez hurren.

Busturialdea, Bilboko uretan.Bermeo Arraun Argazkiak
ETE Ligan I. Gesalga Okelan Bandera lehiatu zuten domekan Zarautzen. Hondarribia nagusitu da ligako laugarren estropadan (11.09,66), eta Zarautzek eskuratu zuen bigarren postua bost segundo gehiagogaz. Hala, sailkapen orokorrari begira, Hondarribia eta Zarautz 30 puntugaz daude berdinduta.
Euskotren Ligan Arraun Lagunakek indar erakustaldia egin du asteburuko jardunaldi bietan. Bilbon 10.49,72ko denboragaz eskuratu zuten VIII. Bilboko Bandera, eta X. Petronor bandera eskuratu zuten Zierbenan, 10.48,02ko denboaragaz. Hala, 24 puntugaz mantentzen dute donostiarrek sailkapen orokorreko lehen postua, Tolosaldea 6 puntu atzetik duela.
Aurrera doaz ligak, eta datorren asteburuan ere kantauri itsasoko arraunlari onenak hurbil hurbiletik ikusteko aukera izango dute zaleek; ETE eta KEA 2 Ligak Lekeitiora datoz domekan [uztailak 12].