Sukalki Eguna, San Pedro jaiak dastatzen segitzeko
San Pedro jaietako bigarren asteburuan murgilduta dabiltza mundakarrak, eta Sukalki Txapelketa lehiatu dute gaur.
Jai giro beroa ez da falta egunotan Mundakan. San Pedro jaiak ospatzeko gogoz zeuden herritarrak, eta aurreko asteburua ondo baino hobeto zukutu zuten, eta bigarren hau ere bide beretik doa. Azke egunotan ere jaietako hainbat hitzordu eduki dituzte, tartean, umeen zein nagusien egunetako ospakizunak, eta gaur [uztailak 5] Sukalki Egunean elkartu dira herritarrak.
Jose Mari Egileor Txistulari Taldeko kideak ere nekaezinak dira, eta euren txistu doinuekin esnatu dituzte bizilagun asko eta asko goizean. Gero, berriz, kuadrillek usain ederrez bete dituzte bazterrak, eta fin ibili dira, Sukalki Txapelketa irabazteko, nahi izatea ez baita nahikoa. 13:00ak aldera, udaletxeko arkupean aurkeztu dituzte. Aurten 37 dastatu dituzte epaimahaikoek, eta hamar sari banatu dituzte. Lehenengo aurkeztutakoak irabazi du txapelketa, 1 zenbakiak, alegia. Sariak banatu ostean, Fruiztariak taldekoek giro ederra sortu dute, jai egun handiak merezi bezala.

18:00etatik aurrera, esku pilota partiduak lehiatuko dituzte. Bermeoko Izaro Pelota Taldearen eskutik, lehenengo, gaztetxoen hiru partida jokatuko dituzte, eta jarraian, nagusien mailan, Riol eta Arroitak Ormaetxe eta Bernaolaren kontra jokatuko dute.

Gero, parrandarako gogoz segitzen dutenek plan aproposa edukiko dute, gau-giro bikaina ziurtatu baitute. 22:30ean hasita, Zutik Erromeriaren erritmora dantzatuko dute plazan, eta txosnagunean, aldiz, 01:30ean hasiko da Kaparrak taldearen kontzertua. Ondoren, DJ Sernarekin dantzatzen eta kantatzen jarraitzeko aukera edukiko dute parrandazaleek.
Jaietako azken eguna. Bihar, 10:00etatik 11:00etara bitartean, Igeribideak programaren barruan, masterclass saioa eskainiko dute Laidatxu hondartzan, eta 11:30etik 13:00etara bitartean, zirkuitua osatuko dute.
Bestalde, gaur modura, bihar ere 11:00etan aterako dira herriko txistulariak. 12:30ean, berriz, herri kirol erakustaldia edukiko dute plazan, Sustabiz Fundazioko kideen eskutik. Zihara Zabala foruarrak, Leire Olea eta Leire Astoreka gernika-lumotarrek, Inhar Urruzuno ondarrutarrak, Julen Larrea barakaldarrak eta Aitzol Atutxa dimoztarrak parte hartuko dute saio horretan.
Sanpedroak musikaz eta kolorez agurtuko dituzte mundakarrek. Lehenengo, mariatxien emanaldian elkartuko dira 20:00etan, plazan, eta 22:30ean hasiko dute Lekittoko Deabruek euren piroteknia ikuskizuna. Antolatzaileen berbetan, “jaiei amaiera emateko azken traka” izango da.