Fabrikazio mekanikoko diseinua hurbiltasunetik irakasten duen ikastetxea
Proiektu errealak, metodologia berritzaileak eta enpresekin lotura estua dira Barrutialdeko Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko zikloaren oinarriak.
Argazkia: Barrutialde BHI Goi Mailako Fabrikazio Mekanikoko Diseinua ikasi daiteke Barrutialden, heziketa-ziklo hau eskualdean ematen duen ikastetxe bakarra delarik. Ziklo hau oraindik askorentzat ezezaguna bada ere, etorkizun handikoa da, laneratze-tasa altua eta industria-sektorean aukera ugari eskaintzen baititu.
Lanbide Heziketako ziklo honetan, ikasleek fabrikazio mekanikoan erabiliko diren produktuak eta tresnak diseinatzen eta fabrikatzen ikasten dute. Aeronautikarako, automobilgintzarako eta beste hainbat industria-sektorerako piezak eta multzo mekanikoak diseinatu eta sortzen dituzte, fabrikazio-prozesua ahalbidetzen duen dokumentazio tekniko guztia prestatuz. Nahiz eta bulego teknikora bideratutako profila izan, tailerrean ere aritzen dira, diseinatutako produktuak benetan fabrikatu daitezkeen egiaztatzeko. «Produktu bat diseinatzean, ezinbestekoa da nola fabrikatuko den jakitea, erabilgarri dauden makina, erreminta eta prozesuak kontuan hartuta».
“Elkarlan estua dugu inguruko enpresekin, eta langileak behar dituztenean, gurekin harremanetan jartzen dira”
Prototipatzea ere prestakuntzaren parte da. Ikasleek diseinatutako piezak 3D inprimagailuen bidez materializatzen dituzte. Prototipoak ordu gutxitan prest izaten dira, aztertu, akatsak zuzendu eta beharrezko hobekuntzak egin ondoren, piezen fabrikazio-prozesuari ekiten diote tailerrean. Horrez gain, laser bidezko fabrikazio-teknologiak ere erabiltzen dituzte».
Ikaskuntza praktikoa, erabilgarria eta benetako eragin soziala duena
Ikaskuntza metodologia erronketan oinarritzen da. Ikasleek gizartean ingurumenean edo industria sektorean egon daitezkeen arazo edo beharrizanei erantzuteko proiektu errealak lantzen dituzte elkarlanean. Ikasgaiak banaka eta modu isolatuan landu beharrean, erronka bakoitzak hainbat ikasgaitako edukiak eta gaitasunak integratzen ditu, ikaskuntza testuinguru praktiko eta esanguratsu batean sustatzeko.

Argazkia: Barrutialde BHI
Proiektu bakoitzak benetako eragin soziala dauka. Horren adibide da Gernika-Lumoko Kaltzada Egoitzagaz egindako proiektua, «Egoiliarren ezaugarriak eta beharrak nahiz merkatuaren eskakizunak kontuan hartuta errehabilitaziorako makina bat diseinatu eta eraiki zuten». Aipatzekoak dira baita ere, ikasturte honetan Robotica colaborativa aplicada a la Industria 4.0 eta Euskelec proiektuak. Estatu mailako proiektua da lehendabizikoa eta beso robotiko kolaboratiboak integratu ditu ikastetxeko ekipoetan gaur egungo industria garapenari jarraituz. Euskelec, berriz, Lanbide Heziketako ikastetxeen arteko lehiaketa da eta, bertan, ikasleek ibilgailu elektrikoak egiten dituzte. Barrutialdeko Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko ikasleek beste ikastetxe batzuekin elkarlanean, ibilgailuarentzat aleroi bat diseinatu eta fabrikatu dute. «Harreman polita sortu da ikastetxeen artean, eta ikasleek prozesuan zehar asko disfrutatu dute, esperientzia oso positiboa izan delarik».
“Ikasleek hainbat sektoretako lanbideetan jardun dezakete”
Gaur egun edozein sektoretan profesional ona izateko ezinbestekoa da zeharkako gaitasunak garatuta izatea, besteak beste, taldean lan egitea, arazoei aurre egitea eta denboraren kudeaketa. Honegatik, ikasleen motibazio eta interesetara egokitutako erronkak burutzen dira Barrutialden, benetako enpresa baten funtzionamendua simulatuz.
Komunikatzeko gaitasuna ere prestakuntzaren funtsezko parte da; izan ere, ikasleek beraien ideiak azaltzen eta defendatzen ikasten dute proiektuen aurkezpenen bidez. Horrela, ikasgelan bertan enpresetako eguneroko lan-dinamiketara hurbiltzen dira eta negozio-aukerak identifikatzen ere ikasten dute.
«Gaur egun enpresetatik esaten digute oso garrantzitsua dela taldean lan egiten jakitea».
Lan mundurako prest
Goi mailako Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko zikloa amaitutakoan, «ikasleek hainbat sektoretako lanbideetan jardun dezakete», besteak beste, automobilgintzako eta aeronautikako delineatzaile, proiektugile, CAD teknikari, matrizeen garapeneko teknikari edo produktu eta moldeen garapeneko teknikari gisa.

Argazkia: Barrutialde BHI
Barrutialdek harreman estua dauka inguruko enpresa-sareagaz. «Ikaskuntza dualaren bidez, ikasleek lantokian bertan osatzen dute prestakuntza, eta esperientzia praktiko horrek lanerako bidea errazten die, ikasleen laneratze tasa altua delarik».
“Makina berritzaileak txertatzen jarraitzen dugu, gure ekipamendua Industria 5.0ra hurbiltzeko”
Horrez gain, Barrutialdek lan-poltsa propioa dauka eta ikasketak amaitzean, ikasleak bertan ematen du izena, Barrutialdek lana aurkitzea errazten dielarik. «Elkarlan estua daukagu inguruko enpresekin, eta langileak behar dituztenean, gurekin harremanetan jartzen dira».
Ikastetxeak, gainera, berrikuntzaren aldeko apustua egiten jarraitzen du: «Makina berritzaileak txertatzen jarraitzen dugu gure ekipamendua Industria 5.0ra hurbiltzeko».
Barrutialderen beste bereizgarrietako bat gertutasuna da. Zentro txikia izanik, ikasleek eta irakasleek harreman estua daukate, konfiantzazko giro batean ikasteko aukera eskainiz. Hurbiltasun hori da, hain zuzen ere, zentroaren balio nagusietako bat.

Argazkia: Barrutialde BHI