Onintza Enbeita muxikarra izango da Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria
Ametsak batzuetan bete egiten dira, eta horretan sinistu behar dela erakusten duten keinu txikiz eta handiz josita dago egunerokoa. Onintza Enbeita Maguregi bertsolari eta kazetari muxikarrari bere ametsetako bat bete zaio: 2026ko Bilboko Aste Nagusian pregoilaria izango da. 24. Korrikaren amaieran Euskadi Irratian aitortu zuen bere ametsetako bat dela Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria izatea. Ainhoa Urrejola Soldevilla Kaixo konpartsako kidea izango da aurtengo txupinera.

Busturialdeko Bertsolari Txapelketan; Onintza Enbeita garaile.Txebi Arriaga
Gaur egun, BERRIAko kolaboratzailea da Enbeita, eta egunero Berben Poza zutabean konpartitzen ditu bere gogoeta eta iruzkinak. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi duen lehenengo emakumezkoa da bera; 2018an jantzi zuen txapela; iaz txapeldunorde geratu zen. Busturialdeko txapelketa ere hainbatetan irabazi du; gaur gaurkoz bera da txapela jantzi duen emakumezko bakarra. Baserritarra ere bada, eta alor horretan, Baserritik Gernikara proiektuko kidea da, eta Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana liburua kaleratu zuen iaz. Feli Madariagak ahoz kontatutako bere bizitzako pasarteak jaso ditu bertan; emakume batek kontatuta, baserriko bizimodua gorde dute liburuan. Feminista eta herrigintzan sinisten duen emakumea da, gizarte-gaiak ikusarazteko eta hamaika aldarrikapenen alde ahotsa altxatu duena eta horien bozgorailu dena. Besteak bestea, Oxigastra Curtisii taldea sortu zuen bere herrian, hainbat belaunalditako emakumeak batuz, eta ahaldunduz, eta Busturialdean bertoko basoak sustatzeko beharrean ari den BaSOS Elkartearen kanpaina bultzatu zuen, Pello Bilbao Lopez de Armentia txirrindulari profesionalarekin batera.