Muxikako Zugaztieta-Oka tartean bide-segurtasuna hobetzeko Bide Plan Berezia onartu du aldundiak
11,8 milioi euroko aurrekontua bideratuko dute Muxikako Zugaztieta-Oka tartean bide-segurtasuna hobetzeko Bide Plan Berezira. Gaur esan dutenez, obrak 2028an hastea eta esku-hartzea 2030ean amaitzea aurreikusi dute. Besteak beste, errepidearen eskuinaldean oinezkoentzako ibilbidea egingo dute, Ariatza eta Oka auzoak lotuz.
Bizkaiko Foru Aldundiak BI-635 errepidearen Muxikako Zugaztieta-Oka eremua hobetzeko Bide Plan Berezia onartu du. Planaren behin betiko onarpena uztailaren 9an argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean: “Horri esker, 2,12 kilometroko tartea eraldatzeko lanean aurrera egin ahal izango da, oso-osorik Muxikan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan”. Igarobide horretan “esku-hartze estrategiko baten” garapena antolatzeko eta abiarazteko “garrantzia handiko pausoa” dela nabarmendu dute.
Hasierako plangintzaren arabera, 2026 eta 2027 artean eraikuntza-proiektua idatzi eta izapidetuko dute, eta obrak 2028an hastea eta esku-hartzea 2030ean amaitzea aurreikusi dute.
Besteak beste, errepidearen eskuinaldean, Ariatza eta Oka auzoak lotuko dituen oinezkoentzako ibilbidea egingo dute.
Esku-hartzearen aurrekontua 11.814.357,69 eurokoa da (BEZa barne), eta helburu nagusia da Amorebieta-Etxano eta Gernika lotzen dituen errepidearen bide-segurtasuneko baldintzak eta funtzionaltasuna hobetzea: “Esku-hartzearen helburua da errepidea seguruagoa, irakurterrazagoa eta askotariko erabileretara egokituagoa egitea”. Horretarako, trazaduraren, ikuspenaren, zeharkako sekzioaren, bazterbideen eta ertzen mugak zuzenduko dituzte, eta sarbideei, biraketei eta igarotze-trafikoaren eta tokiko mugikortasunaren arteko bizikidetzari lotutako arrisku-egoerak murriztuko dituzte.

Azaldu dutenaren arabera, ez dute aurreikusten “ahalmen handiko azpiegitura berria sortzea”; egungo igarobidea egokituko dute. Izan ere, BI-635 errepidearen trazadurak, Zugaztieta eta Oka artekoak, esku hartzeko aukerak mugatzen dituzten “baldintza fisiko garrantzitsuak” ditu, besteren artean, Bilbo-Bermeo trenbidearen eta Oka ibaiaren hurbiltasuna, “oinplanoan nahiz altxaeran hobetzeko ahalmena” murrizten dutenak.
Muga horiei ezaugarri geometriko “zorrotzak” gehitu behar zaizkie, esaterako, erradio txikiko bihurguneak eta malda handiak eta etxebizitzetarako, jarduera ekonomikoetarako eta bideetarako sarbide ugariak; horiek tokiko mugimenduak eta igarotze-trafikoarekiko “interferentziak sorrarazten” dituzte.
Tarte horretan, gainera, oinezkoak eta txirrindulariak ibiltzea ohikoa dela gogoratu dute: “Horrek areagotu egiten ditu espazio txiki batean mugikortasun-modu desberdinak elkarrekin egoteak dakartzan arrisku-egoerak“. Horrek guztiak irakurgarritasun-, ikusgaitasun- eta segurtasun-arazoak dituen igarobidea eratzen du, bai konexio-bide gisa erabiltzen dutenentzat, bai bertan bizi direnentzat eta egunero erabiltzen dutenentzat.
Honako hauek dira planean jaso dituzten esku-hartze nagusiak: trazadura mugarik handienak dituzten guneak egokituko dituzte, ikuspena hobetuko dute tarte osoan (etxebizitzetarako, jardueretarako eta bideetarako sarbideak berrantolatzea, gatazkak gutxitzeko), Oka ibaiaren ingurua drainatu eta egiturak hobetuko dituzte eta irtenbide espezifikoak jasoko dituzte, oinezkoen eta garraio publikoaren erabiltzaileen segurtasuna indartzeko. Azpimarratu dute esku-hartzeei esker, auzoen artean oinezkoentzako “konexio segurua” sortuko dela, baita autobus-geltokietarako sarbidea hobetuko eta errepideak gaur egun sorrarazten duen hesi-efektua murriztuko dela ere.
Izapidetze-prozesua. Bide Plan Bereziak izapidetze-prozesu osoa burutu du, eta prozesu horren barruan sartu dira ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta, hasierako onarpena, jendaurrean jartzeko epea, kontsultak eta Ingurumen Adierazpen Estrategikoa formulatzea, apirilaren 1eko 2276/2026 Foru Aginduaren bidez: “Aurreikusitako behin betiko onespena emanda, hurrengo faseari ekingo zaio orain, eraikuntza-proiektua idazteari eta hura onartzeko beharrezko izapidetzeari, alegia”.

Arduradunen hitzetan, tramitazio “konplexua” izan da. Biosfera Erreserban Planaren egungo izapidetzea 2019an hasitako prozesuaren barruan kokatzen da; Gorozika-Ariatza eremuan egungo trazaduratik “urrun dauden esku-hartze garrantzitsuagoak” jasotzen zituen proposamen baterako ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa abian jarri zuten orduan. Hain zuzen ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren zehaztapenetara eta Urdaibaiko Ibai Sarearen KBEaren ingurumen-eskakizunetara egokitzeko beharrizanak baldintzatu zuen planteamendu hori.
Ondorioz, orain onartutako konponbideak “ikuspegi proportzionatuagoa” jasotzen du, egungo igarobidea “hobetzera” bideratu dagoena eta inguruneko ingurumen-esparruarekin “guztiz bateragarria” dena: “Bide-segurtasunari, funtzionaltasunari eta natura-ingurunearekiko errespetuari lehentasuna ematen dien esku-hartze integratuagoa da, eta, gainera, inpaktu handiko esku-hartzeak saihesten ditu eta hobekuntza mailakatu eta jasangarriaren aldeko apustua egiten du”.