Euskal Ardi Moztaileen Elkarteari aitorpen ekitaldia egingo diote Bedaronan
Moztaileak munduan lelopean, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteari (EAME) aintzatespen ekitaldia egingo diote zapatuan (uztailak 4), 18:30etik aurrera, Bedaronako Olabe baserrian. Izan ere, bertakoa da Joseba Attard elkarteko zein Euskal Selekzioaren kidea.
Euskal Herriaren naziotasuna nazioartean zabalduz, Euskal Selekzioak ardi mozteko Munduko Txapelketan parte hartu zuen martxoan, eta bedarutarra izan zen taldeburua. Lorpen horren garrantzia azpimarratuz, herri aitortza izango da zapatukoa, Eako, Bedaronako eta Natxituko eragileek, udalagaz batera, egindakoa: “Gure sentitzen dugun elkarte horren lorpena ospatu nahi dugu, eta eta aitortu nahi diogu, bere txikitasunean, munduan gure existentziaren berri ipini ahal izatea lortu duela. Herri ikuspegitik egindako aitorpena da, herriko jai bat izango da. Zelanbaiteko sorrera puntua Bedarona izan zen, gure herria izan zen, eta horregatik uste dugu esanguratsua dela gure txikitasunaren adierazgarri modura, jai hori Olabe baserrian kokatzea”. Hain zuzen ere, zapatutik aurrera, han egongo da Euskal Ardi Moztaileen Elkartearen egoitza bertan dagoela adierazten duen plakak, eta ardi moztaileen jarduna erakusten duen informazio-taula ere ipiniko dute.
Bertoko Azoka taldekoen ekimenez egingo dute ekitaldia; izan ere, urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen dituzte, eta beste hainbatetan ere laguntzen aritzen dira, eta euren jarduna legez, ardi moztaileen jarduna ere lehenengo sektorearen parte denez, aitorpena egitea erabaki dute: “Herriko jarduera bat da edo izan zen behintzat, eta gainera, inguru honetan ardiei ileak mozten ere eurak ibiltzen dira. Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak bere bidea egin du Euskal Selekzio legez onartu dezaten, eta Euskal Selekzio legez gauzatu da. Munduko txapelketan gure euskal izaeraren, gure nortasunaren, gure jardueraren eta kirol mota horren berri eman zuten. Euskal Herriaren naziotasuna gauzatu dute. Horrek guzti horrek errekonozimendua merezi duela uste dugu Bertoko Azoka osatzen dugunok”.
Ekitaldian, besteren artean, ohorezko aurreskua dantzatuko diete, eta udal ordezkariak eta hainbat kirolari ere gonbidatu dituzte: “Herritarrok pozten garela eta izaeraren eta izanaren alde egindako euren beharra errekonozitu nahi dugula adierazteko ekitaldia izango da”. Gainera, Oier Plaza gernikarrak egindako dokumentala proiektatuko dute, eta Plaza bera ere bertan egongo da. “Ezustekoren bat” ere egongo dela iragarri dute.