Atsedenik hartu gabe, etengabeko eskaintza
Urte osoa zehar etengabeko zerbitzuak eskaintzen ditu Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, eta horren adibide da udal liburutegia. Uda garaian ere martxan dago, herritar denen zerbitzura.
Liburutegia Plazara zerbitzua eskaitzen dute udan. Gernika-Lumoko Kultur Etxeak hainbat arlotako jarduerak eskaintzen ditu urte osoan, herritar guztientzako izan behar den kultura kontuan izanda, eta udako hilabeteetan ez dute atsedenik hartzen. Udal liburutegia da horren adibide. Izan ere, liburutegi publikoa den heinean, zerbitzu asko biltzen ditu, askotariko erabiltzaileei zuzendutakoak: «Liburutegiak udan ere martxan jarraitzen du; liburutegi publiko bat ez da bakarrik ikasteko espazio bat, eta ez da izan behar. Guztiontzako da».
Astelehenetik martxan dago Liburutegia Plazara. Ekimen horrek gero eta garrantzia gehiago dauka, eta gero eta gauza gehiago egiten dituzte horren barruan. Liburutegiaren zerbitzuak kalera ateratzen dituzte, astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara bitartean, eta ume, familia eta pertsona nagusiek asko erabiltzen duten zerbitzua da. Horrez gain, auzorik auzo joango den Letren Etxea liburutegi ibiltaria ere eskainiko dute beste urte batez. Uztailaren 6tik 24ra Santa Luzian egongo da, uztailaren 27tik abuztuaren 7ra San Juan Ibarran, eta abuztua 19tik 31ra Lorategietan: «Auzo bakoitzera heltzen denean, Panpurrio Sorginak bisitatuko ditu; ipuin kontalariagaz osatu dugu zerbitzua».
Era berean, kultur etxeko lehenengo solairuan Libuterraza ere zabaldu dute, batik bat, nerabe, gazte eta ikasleei begira. Atseden hartzeko eta lasai egoteko espazio aproposa da. Bestalde, ikusmen arazoak dituzten erabiltzaileentzako lupa bat eskuratu du liburutegiak, irakurketa errazteko asmoz: «Argazki bat ateratzen du, eta irakurketa errazten du».
Aurtengo berrikuntza Animalibu da. Espazio hori Elai Alai aretoan dago, eta umeei zuzendutako jarduera da; Gernika BHIko Arte Batxilergoko bolumen taldeko ikasleek egindako figura handi batzuk, animalia batzuk ipini dituzte, eta animaliei buruzko liburuak daude bertan.
Hainbat arlo kudeatzen dituzte kultur etxetik, eta, esaterako, atzo zabaldu zuten arte ikastaroetarako izen ematea. Egur lanketa, bitxigintza, arte sormena, eskulanak… aukera zabala dago. Interesa daukatenei azkar ibiltzeko eskatu diete, «berehala leku barik» geratzen baitira. Horietan zer egiten den jakin nahi dutenek erakusketa gelara jo dezakete; izan ere, bertan ikusgai daude 2025-2026 ikasturtean ikasleek egin dituzten sormen lanak.
Segundo Olaeta Musika Eskola ere bada kultur etxearen atal garrantzitsuetako bat, eta datorren ikasturtean berritasun nagusi bat edukiko dute: goizetan helduei zuzendutako eskolak eskainiko dituzte. «Gero eta heldu gehiagok izena ematen dute musika eskolan, eta goizetan eurei zuzendutako eskolak egongo dira, esaterako, erretiratuentzako askoz ere ordutegi aproposagoa baita».
Izan ere, kultur etxean beti ari dira ikusten herritarren beharrizan kulturalak zeintzuk diren, eta horretara moldatzen ahalegintzen dira zerbitzu guztietatik: «Batzuek ez dakite kultur etxetik kudeatzen direla zerbitzu batzuk, esaterako, liburutegia, musika eskola, antzokiak eta erakusketa gela». Bestalde, gogoratu dute kultur elkarteek dagokien diru laguntza eskatzeko deialdia ere zabalik dagoela.
Komunikazio bide asko eskaintzen ditu Gernika-Lumoko Kultur Etxeak; kulturagernika-lumo.eus webgunean ez ezik, Instagram, Facebook, Whatsapp eta posta elektronikoaren bidez, informazio guztia herritarren esku ipintzen dute.