Gastronomiaren, lurraldearen eta jasangarritasunaren arteko lotura indartzeko ibilbide gastronomikoa
24 establezimendun parte hartuko dute aurten Bermeo Tuna World Capitalek antolatutako Bermeo Tuna Pintxo Tour 2026 ekimenean. Uztailean zein abuztuan hegaluze eta atunagaz egindako proposamen gastronomikoak eskainiko dituzte.
Argazkia: Bermeo Tuna World Capital Bermeon zehar atunaren eta hegaluzearen zaporea zabalduko duen Bermeo Tuna Pintxo Tour 2026 ekimena antolatu du Bermeo Tuna World Capitalek, beste urte batez. Iaz udalerriko 22 establezimenduk parte hartu zuten ibilbide gastronomikoan; aurten, berriz, 24 ostalaritza-establezimendu izango dira, Pintxodun eta Hegaluzedun itsasoa lelopean, uztailean eta abuztuan zehar atunarekin eta hegaluzearekin egindako pintxoak eskainiko dituztenak.
Uda osoan zehar, establezimenduek hegaluze eta atunagaz egindako hamaika proposamen eskainiko dituzte, gastronomiaren, lurraldearen eta jasangarritasunaren arteko lotura indartzeko asmoz. Hain zuzen ere, ekimenaren helburua herritarrek zein bisitariek Bermeo “bere taberna, kale eta zaporeen bidez ezagutzea” da, bertako produktuekin egindako pintxoez gozatu bitartean. Izan ere, ibilbidearen bitartez, herriko gune desberdinak ezagutzeko aukera eskainiko diete bisitariei, “gastronomia, sasoiko produktua, bertako ostalaritza eta arratzan zein eraldaketa arduratsuarekiko konpromisoa batzen dituen proposamen batez gozatuz”.
Herritarrentzat ekimenean parte hartzea “oso erreza” izango da; ostalaritza-establezimenduetan edota Bermeoko Turismo Bulegoan liburuxka eskuratu eta gune bakoitzeko establezimendu bat aukeratu beharko dute. Bertan Pintxo Tourreko pintxoa eskatu eta liburuxka zigilatu beharko dute eta, azkenik, orri ebakigarria moztu eta establezimenduetako postontzietan bota. Liburuxka osatzen duten guztiek abuztuaren eta irailaren hasieran egingo diren zozketetan parte hartuko dute. Jakinarazi dutenez, sariak Bermeoko ostalaritzarekin eta udalerrriko produktuekin lotuta egongo dira: menuak, bazkariak, afariak, gosariak, saski gastronomikoak eta Bermeo Tunaren kontserba pack-ak.
Honakoak izango dira establezimendu parte hartzaileak: Atxetak Barria, Etxepe, Batun-Batun Taberna, Bokale, Artza Frontoiko Taberna, Aitama, Alakrana Bermeo, Andeko, Beti Ondo, Oker, Joshe Mari, Bar 8 Basta, Eguzki, Artza Jatetxea, Fruniz, Arraun Bermeo, Zokoa, Leku Bermeo eta Almiketxu Jatetxea.
Pintxo Tourra udalerriko udako “hitzordu gastronomiko gisa sendotzen” ari dela azpimarratu dute BTWCetik, arrantza, kontserba, ostalaritza eta instituzioen arteko elkarlana balioan jartzeko aukera eskaintzen baitu. Halaber, Bermeo Tuna Pintxo Tour herritarrei Bermeoko arrantza eta kontserba sektorearen balio-katearen atzean dagoen lana ezagutarazteko “tresna hurbila” dela ere nabarmendu dute.