Ereñoko eta Nabarnizko udalek Laga hondartzara joateko autobus zerbitzua ipini dute
Ibarrangeluko Laga hondartzara joan-etorriak egiteko, autobus zerbitzua ipini dute Ereñoko eta Nabarnizko udalek elkarlanean. Uztailean eta abuztuan arratsaldez eskainiko dute zerbitzua, eta herritarrek udaletxeetan hartu behar dituzte txartelak: “Tamalez, urtetik urtera zailagoa da hondartzan aparkatzeko lekua aurkitzea. Horregatik, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko asmoz, Nabarniz eta Ereñoko udalok Lagarako autobusa jarriko dugu uztailean eta abuztuan”.
Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua ere berretsi dute: “Herri-garraio kolektiboa erabilita, hondartzako aparkaleku eskasia saihesteaz gain, mugikortasun jasangarriagoa bultzatzen dugu. Izan ere, motordun ibilgailu pribatuak etxean uzten ditugun bakoitzean, gure klima-inpaktua murrizten dugu”.
Astelehenetik barikura eskaintzen dute zerbitzua, jai egunetan izan ezik. Ereñoko Argiarron eta Nabarnizko Loitiagan 15:20ean hartu daiteke autobusa, eta 15:30ean ateratzen da Nabarnizko herrigunetik. Itzulerako bidea egiteko, berriz, Lagatik 19:30ean irteten da autobusa. Bidean, Bizkaibusen geraleku guztietan geratzen da, baita Ereñoko Atxosten eta Nabarnizko Elexaldeko frontoiaren ondoan ere.
6 urtetik beherakoek doan erabili dezakete zerbitzua, eta gainontzekoei dagokienez, Nabarnizen eta Ereñon erroldatutakoek bidai bakoitzagatik 1,5 euro ordaindu behar dute, eta erroldatuta ez daudenek 2,5 euro.