Sustabiz Fundazioa, Europa mailako proiektu berriei begira
Sustabiz Fundazioak Gure Kirolak Sustatzen 2026 egitasmoa aurkeztu du, eragina "ingurune eta kolektibo berrietara" hedatuz. Haszten elkarteagaz lankidetza-ildo berria ere zabaldu dute.
Argazkia: Sustabiz Fundazioa Sustabiz Fundazioak herri kirolen garapen eta zabalkundearen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Parte hartzea eta inklusioa sustatzeko ekimen berriak aurkeztu ditu gaur [ekainak 30], Bilboko BBK Aretoan egindako agerraldian. BBK Fundazioaren bidelaguntzagaz, “Europako dimentsioko proiektuetan parte hartzeko bidea irekiz” doa Sustabiz baina, hasierako helburuari eutsiz, “berrikuntzaren bidez” herri kirolak, euskal pilota eta arrantza lurralde, publiko eta lankidetza-esparru berrietara hurbiltzeko nahiagaz dihardute lanean.
Busturialdeko, Markina-Xemeingo eta Ondarroako 6 eta 14 urte bitarteko umeei zuzendutako Gure Kirolak Sustatzen programaren berrikuntzak aurkeztu dituzte gaur. Programak herri kirolak, euskal pilota eta arrauna herritarrei hurbiltzeko topaketa parte hartzaileak antolatzen jarraituko du, parte hartzaileen adinera egokitutako saioak eskainiz eta tokian tokiko udal, ikastetxe eta familien inplikazioagaz. Gainera, diziplina ezberdinetako kirolariek ere saioetan parte hartuko dutela zehaztu dute.
Berrikuntza gisa, Sustabizek Bizkaian duen ezarpena zabaldu dute, programan jarduera berriak txertatuz eta “bere eragina ingurune eta kolektibo berrietara hedatuz”. Izan ere, Ondarroan herri kirolak sustatzera bideratutako programa espezifiko bat sortu dute Zubi Zahar Ikastolan eta Zaldupe Eskolan egindako zabalkunde eta parte hartze jardunaldien bidez. Jakinarazi dutenez, Ondarroako Aurrera elkartearen jaiaren barruan ekimenari amaiera emateko “jardunaldi irekia” egingo dute, erakustaldia ere hartuko duena: “Horrela, gure kirol tradizionalak publiko berrietara hurbiltzea eta haien komunitate izaera indartzea lortu nahi da”, azaldu dute Sustabizekoek.

Argazkia: Sustabiz Fundazioa
Programaren hedapenak Markina-Xemeinen izango du jarraipena, uztailaren 19an [domeka], parte hartze eta erakustaldi jardunaldi berriagaz. Helburua eragina handitzea dela azpimarratu dute: “Helburua programaren eragina pixkanaka handitzen jarraitzea da, ikuspegi ireki eta parte hartzaile batetik, gero eta pertsona gehiagok gure kirol tradizionalak ezagutu eta praktikatzeko aukera izan dezaten”.
Sustabizek, gainera, lankidetza-ildo berriari ere ekin dio kirolaren bidez desgaitasunen bat duten pertsonen inklusoa sustatzen duen Haszten elkarteagaz batera. Lankidetza berriari esker, herri kirol egokituagaz loturiko ekimenak egingo dituzte bai Busturialdean bai Lea-Artibain.
Nazioarteko posizionamendua.
Lurralde-hazkundeagaz batera, nazioarteko posizionamenduan ere aurrerapausoak eman ditu Sustabizek: “Martxoan Sustabiz Fundazioak Bilbon antolatutako Europako Joko eta Kirol Tradizionalen Elkartearen Zuzendaritza Batzordearen ondoren, Europako lankidetza-ekimenetan parte hartzea indartzeko aukera sortu zen. Gaur egun, nazioarteko hainbat erakunderekin batera ari gara lanean Erasmus+ Big Events Gender Equity programaren hautagaitza bat prestatzen”, argitu dute. Ekimen horren helburua kirol eta antolakuntza arloetan berdintasuna eta genero-berdintasuna sustatzea da.
Proiektuaren barruan, parte hartzaile bakoitza barne-azterketa bat egiten ari da, “hobekuntza aukerak identifikatzeko eta jarduera ildo zehatzak definitzeko” helburuagaz. Sustabizen kasuan, emakumezkoen kategoriarik ez duten diziplinetan araudi espezifikoak garatu eta ezartzera bideratuko lana egiten ari dira. “Era berean, emakumeen presentzia handituko duten topaketak eta parte hartze espazioak sustatzen dira, bai kirol-praktikan, bai ordezkaritza eta gobernantza organoetan”, zehaztu dute.
Sustabizek herri kirolen “hazkunde iraunkorrarekin eta lurralde mailan zein Europan erreferentziazko eragile gisa sendotzearekin duen konpromisoa” berretsi du goizean, hasieratik bidelagun izan duten BBK Fundazioaren “konfiantza, etengabeko babesa eta konpromisoa” eskertzearekin batera.