Gaztelugatxe ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dituzte udan
Uda garaian ere Gaztelugatxeko San Juan ezagutzeko aukera izateko bisita gidatuak antolatu ditu Bermeoko Udalak. Jakinarazi dutenez, bisitarien “erosotasuna lehenesten” duen zerbitzua uztailaren 4tik [zapatua] abuztuaren 28ra [barikua] egongo da martxan.
Bisita gidatuen iraupena hiru ordu ingurukoa izango da eta Bermeotik abiatuko dira, hain zuzen ere, Lamerako autobus geltokitik. Izan ere, garraio publikoa sustatu, karbono dioxidoaren emisioak murriztu eta aparkaleku arazoak saihestea dira udalaren helburuetako batzuk. Bisitariak Bermeora erakarri eta Gaztelugatxeko balio natural eta historikoak “modu sakonean” ezagutu ditzaten, bi ordutegi ezarri dituzte: 09:30 eta 11:30.
Interesdunek www.bizibermeo.eus webgunean egin ditzateke erreserbak: nagusiek 10 euro ordaindu beharko dituzte, 6 eta 16 urte bitartekoek 5 euro eta sei urtetik beherakoek, euro bat —heldu bakoitzeko bi haur gehienez—. Bisitek autobusezko joan-etorria, Gaztelugatxeko historia modu “didaktiko eta interesgarrian” ezagutzeko gida profesionala eta sarrera kudeaketa —baselizara sartzeko tiket guztiak— barnebiltzen dituzte.
Bisitariek Gaztelugatxeko sinesmen, erritu eta ohitutak ezagutuko dituzte, baita Matxitxako lurmuturraren ikuspegi panoramiko eta itsasargien bitxikerin berri ere izango dute. Horregatik, Bermeoko Turismo Bulegotik Gaztelugatxeko San Juan “ingurune babestua” dela gogoratu dute, “guztion artean zaindu beharra” dagoela azpimarratuta.