"Beste alde batera begiratuko ez duen gizartea behar dugu"
Ospatzeko, gogoratzeko eta aldarrikatzeko Harrotasun Asteburuan elkartu dira Bermeon. Herritarren konpromisoaren, hezkuntza inklusiboaren, espazio seguruen eta politika ausarten beharra plazaratu dute Errementa Armaidxue taldeko kideek.
Argazkia: Errementa Armaidxue.Errementa Armaidxue Bermeoko Errementa Armaidxue taldeak Harrotasun Asteburua antolatu du lehenengoz, eta asteburuak emandakoagaz pozik gaude taldekideak: “Oso pozik gaude. Antolatu genuen dena aurrera atera dugu. Lehenengo aldia izan da, eta asko daukagu ikasteko eta taldea handitzeko, eta gure indarrak apur bat neurtu behar ditugu, eta gauza batzuk modu desberdinean planteatuko ditugu”. Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna edo LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da ekainaren 28a, eta Bermeon, barikutik domekara bitartean, mahai-inguruan, kontzertuan, mural margoketan eta elkarretaratzean bildu ziren.
Borroka transfeministagaz batera, eredu antiarrazista, antikapitalista, antikapazitista, transfeminista eta iraultzailea aldarrikatu zuten herenegun egindako irakurketan: “Ez dugu gura tolerantzia, askatasuna gura dugu; ez dugu gura inoren baimenagaz emandako lekurik, gure eskubideak ez direlako negoziatzen, gure existentzia ez delako eztabaidatzen eta gure harrotasuna ez delako ez saltzen, ez erosten”.
Herritarren konpromisoaren, hezkuntza inklusiboaren, espazio seguruen eta politika ausarten beharra plazaratu dute Errementa Armaidxue taldeko kideek: “Beste alde batera begiratuko ez duen gizartea behar dugu, eta borroka hau kolektiboa izatea behar dugu, LGTBIQ+ eskubideak ez direlako LGTBIQ+ pertsonen kontua, demokraziaren kontua da, justizia sozialaren kontua da”.

Domeka eguerdiko elkarretaratzea, Goiko plazan.Bermeoko Udala
Hain zuzen ere, gogoratu dute LGTBIQ+ pertsonen eskubideak ez zirela kasualitatez agertu, ” ez zirela oparia” izan. Borrokaren bidez lortutako eskubideak dira, urte luzeetako borrokaren emaitza dira, “existitzera ausartu ziren pertsonena, hori egiteak bazterketa, indarkeria, ikusezintasuna eta jazarpena ekartzen zituenean”. Errementa Armaidxue taldekoek esan modura, Euskal Herrian ere ahotsa altxatu zuten hainbatek, hori egitea arriskutsue izan zenean; kolektiboak, aktibistak eta pertsona anonimoek gaur egun askatasun handiagoarekin bizi ahal izateko bidea ireki zuten: “Eurei esker egin dugu aurrera, euren ausardiari esker gaude hemen, baina ez gara helmuga batera ailegatu. Borrokak jarraitzen du”. Izan ere, ohartarazi dute pertsonek bizi diren moduan erakusteko ikara daukaten bitartean eta erasoak, diskriminazioak, jazarpenak, gorroto diskurtsoak zein desberdintasunak existitzen diren bitartean, ezin dela berba egin benetan aske eta berdintzailea den gizarte bati buruz.

Bariku arratsaldeko mahai-ingurua.Errementa Armaidxue
Zuriketa larrosa edo pinkwashing deritzona salatu dute, ortzadarraren koloreak “gehiago saltzeko” balio izana baina errealitatea eraldatzeko ez dutela balio gaitzetsiz. Euren berbetan, askatasunak ezi dira marketin kanpaina batera mugatu: “Erakunde eta enpresa askok euren logotipoak kolorez betetzen dituzte. Harrotasuna ez da marka bat, ezta publizitate estrategia bat ere”.
Bariku arratsaldean mahai-inguruan jesarrita hasi zuten asteburuko egitaraua, eta bertan ere hizpide izan zuten zuriketa larrosa. Oro har, saio emankorra izan zen: “Esperientzia pertsonaletatik abiatuta, gure bizitzak Bermeon zelakoak diren landu genuen mahai-inguruan. Parte hartu zuten batzuk bermeotarrak dira, eta beste batzuk beste leku batzuetatik etorrita, berton bizi direnak. Aukera polita izan zen. Besteak beste, kontatu zuten zergatik aukeratu duten Bermeon bizitzea eta ez beste herri batean. Hori izan zen ardatzetako bat. Beste alde batetik, guretzat Harrotasun Egunak zer esan gura duen hizpide izan genuen. Partidu politiko batzuen aldetik, kapitalizatzeko intentzioa dagoela ere aipatu zen, horrek aurpegia garbitzeko eta botoak lortzeko aukera ematen diela salatuz. Gure mugimendua erabiltzen dela salatu zuten”.
Bestalde, murala margotzen aritu ziren zapatuan, eta aste honetan amaitzea aurreikusi dute: “Marrazki dotorea aukeratu dugu, eta oso ondo doa. Oso pozik gaude kokapenagatik, eta handia eta ederra da. Hor geratuko den horma ederra daukagu”.

Murala margotzen ibili ziren zapatuan.Errementa Armaidxue
Egungo diskurtso erreakzionario eta faxistekin kezkatuta daude, eta azpimarratu dute gizarte aske batean faxismoak ez daukala lekurik: “Diskurtso erreakzionario eta faxistak komunikabideetan, sare sozialetan eta erakundeetan gero eta leku gehiago hartzen ari direla ikusten ari gara. Gorrotoa iritzi modura mozorrotu gura dute, gure eskubideak eztabaidagai sortzera heldu arte”. Salatu dutenez, berriro ere isiltzera bueltatu daitezen, beldurra zabaldu gura dute, “baina ez dute lortuko eta ez dute atzerapausorik onartuko”. Euren atzetik datozen belaunaldiek aurrekoek baino askatasun handiagoarekin bizitzea merezi dutela aldarrikatu dute: “Ez gaituzte txikiago egingo, ez gaitue ezabatuko, ez gaituzte isilduko, asko garelako, gero eta gehiago garelako”. Horrenbestez, herriko familiei, ikastetxeei, elkarteei, erakundeei eta oro har, bermeotar denei konpromisoak hartzeko deia luzatu diete: “Gizarte justu batean sinisten duten pertsona guztiei zuzendu nahi deigu gure mezua. Berdintasuna ez da pasibotasunetik eraikitzen; parte hartzetik, elkarren babesetik eta eguneroko konpromisotik eraikitzen da. Segitu dezagu elkar jagoten, jarraitu dezagun antolatzen”.