Tradizioz betetako sanpedroak ospatzen dabiltza
Gaur (ekainak 29), San Pedro eguna ospatzen dabiltza Busturialdeko hainbat herritan. Hala ere, ospakizunak ez dira gaur hasi, asteburuan ere egon baita zer ospatu. Elantxobe eta Mundaka herriko jai nagusiak ospatzen dabiltza, eta jai giroa nabaritu da Lumon, Ibarrurin, Mendatan eta Bermeon ere.
San Pedro, Mundakako elizpean. San Pedro eguna da gaur (ekainak 29), arrantzaleen zaindariaren omenezko eguna, eta ospakizunek hartu dituzte Busturialdeko zenbait herri eta auzo. Izan ere, sanpedroak garrantzitsuak dira kostako hainbat herritan, baina baita barneragokoetan ere, eta, ondorioz, tradizioz betetako jaietan ibili dira eta dabiltza egunotan. Izan ere, elantxobetarrentzat eta mundakarrentzat herriko jai handiak dira sanpedroak, eta giroz bete dira bi herriok. Hala ere, beste zenbait herri eta auzo ere ekintzaz bete dituzte, tartean Bermeo, Lumo, Mendata eta Ibarruri.
Herri arrantzalea da Elantxobe, eta herriko jai nagusiak musika, lagunak eta kirola uztartuz ospatu dituzte. Gaur, meza eta hamaiketakoa izan dute, eta arratsaldean Sustabiz Kirol elkartekoen esku pilota partiduek hartuko dute frontoia. Gainera, partidutik partidura bitarteko atsedenaldietan, herri kirol erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Hala ere, ospakizunak ez dira gaur hasi, KAE2 eta ETE ligako traineru estropadak ikusteko aukera izan baitzuten zapaatuan, eta pala txapelketak hartu zuen herria domekan.
Bihar ere jaiak jarraituko du, San Pedro Txiki eguna ospatuko baitute: triki-poteoa izango dute portuan, eta umeek uretako puzgarrietan momentu onak pasatzeko aukera izango dute. Bestalde, domekan agurtuko dituzte festak, Elantxobeko XII. Mendi Martxagaz; 22 eta 11 kilometroko ibilbideak prestatu dituzte, eta beste urte batez, leku guztiak bete dira.
Mundakarrek ere egutegian markatutako egunak dituzte hauek, eta, gaur, San Pedro egunez, Jose Mari Egileor txistulari taldearen kalejiragaz hasi dute egitaraua. Mezan elkartu dira eguerdian, baina, amaitzean euria ari zuenez, ezin izan dute santua prozesioan atera. Hala ere, elizpera atera, eta ohorezko aurreskua eskaini diote bertan, herriko dantzari eta txistulariek. Sorne Rubio Arano alkatea buru zela, udalbatza santuaren atzean atera da, eta, gero txistulariek lagunduta joan dira udaletxearen kanporaldera. Bertan, Mundaka Arraun Taldearen eskutik, sardinak dastatzeko aukera eduki dute mundakarrek, eta ilara luzeak sortu dira.
Egun handia dute Mundakan, eta arratsaldean ere zer aukeratu edukiko dute. 17:00etan, Ping-pong txapelketa lehiatuko dute txosnagunean, Espuelatxuek antolatuta, eta ostean, berriz, Bingo musikatuagaz girotuko dute jaia. 18:00etan pilota partiduak jokatuko dituzte, eta jarraian, Kittu Kale Animazioak musikatuko ditu Mundakako bazterrak.
Jaiak, baina, ohi legez, hasi zituzten barikuan: herri bazkariagaz eta Basaranetik jaitsiera jendetsua eginez. Ondorioz, supermerkatuetako produktuz jantzitako herritarrez bete ziren herriko kaleak. Giro eder horretan, dantzan agurtu zuten jaien lehen eguna, biharamuna ere dantzan hasteko. Hamarru Elektrotxarangakoen laguntzagaz musikaz bete zen herria eta plazako kontzertuek lekukoa hartu zieten elektrotxarangako kideei: Zahil taldea eta Oxabi erromeriak kontzertua eskaini zuten, eta, ondoren, Dj-ek girotu zuten egonaldia. Domekan, aldiz, ur jolasetan bildu ziren plazan, eta buruhandiak eta erraldoiak ere izan zituzten bertan.
Jai giroak ez du etenik izan asteburuan Mundakan, baina mundakarrek festaz beteriko astea izango dute oraingoa ere, ez baitituzte herriko jai nagusiak domekara bitartean agurtuko. Etzi portuan elkartuko dira itsas jaian, eta egunean play-back txapelketa izango da eguneko protagonista. Barikuan, Umeen Egunean, denetariko ekintzak izango dituzte, tartean puzgarriak, dantza emanaldia, apar jaia eta txokolate jana. Sukalki Eguna izango da zapatukoa: txistulariak ariko dira sukalkiak prestatu bitartean, eta pilota partiduez gozatu ahalko dute herritarrek tripak bete ostean. Hala ere, gorputzak martxan jartzeko aukera ere izango dute, Zutik erromeriaren eta Kaparraken kontzertuekin. Domeka, bestalde, herri kirolek beteko dute herria, baita mariatxien emanaldiak ere, jai nagusiak Lekittoko Deabruekin agurtu aurretik.

Aixerrotara Igoera egin zuten korrikalariak.Txebi Arriaga
Herri eta auzoetan ere, jai.
Lumon, txupinazoak iragarri zuen jaien hasiera zapatu eguerdian, eta, jarraian, IV. Aixerrotara igoera lehiatu zuten. Pasealekutik Aixerrotako tontorreraino heltzeko 273 metroak gainditu zituzten parte hartu zuten 23 korrikalariek. Aurten, Paul Ormaetxea izan zen gizonezkoetan lehen postua lortu zuena, 11,14 minutuko denboragaz. Helmugara iristen bigarrena, aldiz, Unai Aberdi izan zen (11,45), eta hirugarrena Ibai Urrutia (12,09). Emakumezkoetan Maria Zorroza izan zen azkarrena, 14,19 minutukoko denboragaz. Bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren, Ireder Angulok (16,10) eta Amaiur Etxeandiak (16,50) lortu zituzten; Etxeandia lehenengoa izan zen gazteen kategorian.
[AIXERROTARA IGOERAREN TXEBI ARRIAGAREN ARGAZKIAK]
Eta, korrikaldiaren ostean, jaiek aurrera egin zuten: paella txapelketa herrikoia, mus txapelketa, jolasak, txokolate jana, play-back lehiaketa eta Xaibor izan zituzten aukeran bertaratu zirenek, baita Apokhalipsis taldearen kontzertua ere. Domekan, ostera, Elai Alaikoen emanaldia izan zuten, eta herri bazkarian bildu ziren gero, idi probetaz gozatu aurretik.
Ibarrurin ere jai handiak dira sanpedroak, eta, ondorioz, mezan bildu dira gaur eguerdian, Arratsaldean, berriz, pintxo janaldi herrikoia egingo dute, igel joko txapelketan onena nor den erabaki aurretik. Domekan segituko du jaiak Ibarrurin, Baso Txoritxu dantza taldekoek emanaldia eskainiko baitute 12:00etan, eta ostean, umeentzako jolasak egingo dituzte, baita porra txapelketa herrikoia eta bazkari herrikoia ere.
Eta Bermeon eta Mendatan ere egon da sanpedroetan biltzeko aukera. Bermeon, gaur, Goiko Plazan Alkate soinua entzun dute udalbatzakoek zein herritarrek, eta ostean, San Pedro Kofradiak gonbidatuta, kalejiran abiatu da Bermeoko udalbatza Santa Eufemia elizara, gero, pintxo janean biltzeko.

Bermeotarrak, San Pedrogaz.Bermeoko Udala
Mendatan, berriz, Zarrabentan bildu dira gaur, mezatan, eta mokadua hartzeko aprobetxatu dute egonaldia. Eguerdian, berriz, lagunarteko bazkarian bilduko dira txokoan. Baina mendatarrek ere, zapatuan hasi zituzten festak, Marmizen. Han ere, bazkari herrikoian elkartu ziren, eta mus eta briska txapelketak lehiatzen igaro zuten egonaldia.