Kalitatezko jazzaren aldeko konpromisoa sendotuko du Bermeoko Jazzber jaialdiak
Jazzber jaialdian hiru kontzertu eskainiko dituzte aste honetan, Bermeoko Kafe Antzokian, doako sarreragaz.
Jazz garaikidearen eta sormenaren aldeko “apustu sendoa” berretsi dute beste urte batez Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak. Eguaztenetik barikura bitartean, Bermeo jazzaren topagune bihurtuko du Jazzber jaialdiak.
Hiru kontzertu eskainiko dituzte Bermeoko Kafe Antzokian, doako sarreragaz. 20:30ean hasiko dira hiru emanaldiak. Jazzaren lengoaia ezagutzeko, joera berriak deskubritzeko eta zuzeneko musikaz gozatzeko gonbidapena da.
Kalitatezko jazzaren aldeko konpromisoa sendotuko du jaialdiak, eta era berean, arduradunen berbetan, “generoaren aniztasuna eta gaur egungo joerak” erakutsiko ditu, Euskal Herriko zein nazioarteko musikarien proposamenekin.
Lehenengo egunean (uztailak 1), Itxaso 4tet-ek Gaztelugatxe aurkeztuko du. Albumak artista bizkaitarraren unibertso musikalera hurbiltzen gaitu, leku ezagun eta intimotik abiatuta. Ahots handien errepertorioko zortzi kantuz osatutako diskoa da; bertsioek jatorrizko piezen esentzia gordetzen dute, baina ikuspegi “berrituarekin eta freskoarekin”. Moskito Rekords zigiluarekin argitaratutako bakarkako bigarren lan horretan, besteak beste, Abbey Lincolnen Throw it away, Marilyn Bergman, Alan Bergman eta Johnny Mandelek osatutako Solitary moon, Mikel Laboaren Gure hitzak, Juan Carlos Perez Lau teilatu eta Natxo de Feliperen Gaztelugatxe kanta ezagunen bertsioak jaso ditu.
Eguenean, (uztailak 2) Frame laukotea igoko da antzokiko oholtzara. Boloniako Kontserbatorioan ipini zuten hazia, eta 2025ean ekin zioten laukote gisa ibilbide honi. Elkarren arteko kidetasun musikal eta emozionaletik abiatuta, taldearen proposamenak helburu du entzulea “soinu-paisaia berrietara eroatea”, non inprobisazioa, soinua eta elkarreragina diren oinarrizko elementuak. Jazzber jaialdiaren arduradunek esan bezala, jatorrizko konposizioen bidez, jazzaren tradizioari eusten diote, baina aldi berean musika modernoekin “lotura berriak eta bestelako adierazpideak esploratzen” dituzte: “Framek soul-jazza eta free-a, groove-a eta hard bop-a uztartzen ditu, dinamika erritmiko handiko eta aberastasun harmonikoko proposamen sortzaile eta indartsua osatuz”.
Saul Andreu Quartet izango da jaialdiaren azkenengo eguneko (uztailak 3) gonbidatua. Konposizio propioen eta sormenaren bidez, musikaren bitartez hitzek adierazi ezin dutena transmititzeko gai dira lau musikariak. Taldekideen arteko konexioak entzulea “erraz murgiltzen” du proposamen musikalaren barruan, eta jazzaren inguruko hainbat eragin uztartzen dituzte: funky-a, soul-a, musika latindarra eta erritmo afro-kubatarrak, besteak beste.
Kontzertuetara joateko gonbidapena eginez, antolatzaileek gogoratu dute jaialdiaren helburua dela jazza herritarrengana hurbiltzea, zaletasuna eta ezagutza sustatzea, eta genero horretako joera berriak ezagutaraztea: “Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak herritar guztiak gonbidatu ditugu hiru egun hauetan Kafe Antzokira hurbildu eta kalitatezko jazzaz gozatzera. Era berean, udal ordezkariek eskerrak eman dizkiete urte hauetan guztietan jaialdia posible egin duten antolatzaile, laguntzaile eta parte-hartzaile guztiei”.
Azpimarratu dute Jazzberrek eskualdean “erreferentziazko hitzordua” izatea lortu duela, eta aurten ere musikazaleei esperientzia “aberatsa” eta kalitate artistiko “handikoa” eskaintzeko prest datorrela.
Egitaraua:
- Uztailak 1 (eguaztena) 20:30: Itxaso 4tet
- Uztailak 2 (eguena) 20:30: Frame
- Uztailak 3 (barikua), 20:30: Saul Andreu Quartet