Bigarren txandan lehiatzeko arraunkadak eman ditu Busturialdeak
Elantxobek eta Mutrikuk hartu dituzte ETE eta KAE 2 ligetako estropadak asteburuan [ekainak 27 eta 28]. Elantxobeko emaitza bikainagaz, Busturialdeko traineruak bigarren txandan lehiatzeko aukera izan zuen Mutrikun.
Elantxobeko eta Mutrikuko uretan lehiatu ziren joan den asteburuan [ekainak 27 eta 18] ETE eta KAE 2 ligetako traineruak. Busturialdeak bigarren txandan lehiatzeko aukera izan zuen domekan Mutrikun, zapatuan Elantxoben egindako indar erakustaldiaren ostean.
Elantxobeko Andran I. Bandera jokatu zuten zapatuan ETE Ligako zortzi trainerek. Bi luze eta ziaboga bat gainditu behar izan zituzten, eta joan den estropadako lekua mantenduz, Ondarroa izan zen lehen txandako onena 12.01,35eko denboragaz. Hernanik ondarrutarrek baino hamabi segundo gehiago behar izan zituen milia bat eta erdi betetzeko. Isuntza txanda berean lehiatu eta 12.22,47ko denboran egin zituen egin beharrekoak, Portugalete atzean utziz minutu bateko aldeagaz. Bigarren txandan, laugarren postuan geratu zen Deusto, eta hirugarrenean, Kaiku. Ligako lehen jardunaldian Zarautz izan zen nagusi, bigarrenean, Hondarribia. Zapatuko jardunaldiak jarraipena eman zion bien arteko lehiari, izan ere, Zarautzek lortu zuen Elantxobeko Andran I. Bandera astintzea. 11.24,67ko denboran egin zituen Zarautzek bi luzeak, eta 11,35,07ko denboran, Hondarribiak.
Zapatuan bertan jokatu zuten KAE 2 Ligako Elantxobeko 38. Traineru Estropada. Lau luze eta hiru ziabogen erronkan aritu ziren Mutriku eta Busturialdea. Gipuzkoarrek lehen txandan hirugarren egin zuten, zapatuko sailkapenean azken aurreko postuan geratuz. Txanda berean, Busturialdeak egin zuen denborarik onena (22.51,45) eta bigarren txandako Deustok baino denbora hobea eginda, domekan bigarren txandarako pasea lortu zuen. Laredo izan zen bigarrena, eta Lutxana azkena. Bigarren txandan aritu ziren KAE 2 Ligako traineru nagusiak. Castrok garaitu zuen zapatuko lehia, hiru miliak 21.47,82ko denboran egin eta Elantxobeko 38. Traineru Estropadako bandera eskuratuz. Camargo geratu zen bigarren, 22.11,62ko denboragaz. Portugaletik egin zuen hirugarren, eta Deustok laugarren.
Domekan asteburuko bigarren hitzordua izan zuten KAE 2 Ligako arraunlariek. Mutrikuko uretan jokatu zuten Unebide VIII Bandera, eta herriko taldeak Elantxoben lortutakoa hobetzea lortu zuen. Lehen txandako bigarrenak izatea lortu zuten 22.00,76ko denboragaz. Deusto izan zuten aurretik, eta Laredo eta Lutxana, atzetik. Elantxoben lortutakoagaz, Busturialdeak bigarren txandan izan zuen lehiarako kalea, eta laugarren egin zuten hiru milietan. Camargo eta Castroren arteko lehia berretsi zuten traineru biek, eta oraingoan, Camargo izan zen Unebide VIII Bandera astindu zuena.
Denboraldian murgiltzen hasita. Busturialdeak bost puntu lortu zituen Elantxoben. Mutrikun lortutako lau puntuekin, sailkapen orokorrean bosgarren postuan dago 13 puntugaz.
Datorren domekan [uztailak 5] ETE Ligako arraunlariek Emakumezkoen I. Gesalaga Okelan Bandera jokatuko dute Zarautzen, 12:30etik aurrera. KAE 2 ligari dagokionez, Mutrikuarrak zapatuan eta domekan [uztailak 4 eta 5] ariko dira norgehiagoka Donibane Lohizunen eta Zarautzen, hurrenez hurren. Lapurdiko bandera 17:00etatik aurrera jokatuko dute zapatuan, eta Gizonezkoen II. Gesalaga Okelan Bandera, 11:30etik aurrera domekan.