Harrotasun Asteburua ospatuko dute Bermeon
Bermeoko Errementa Armaidxue taldeak Harrotasun Asteburua antolatu du lehenengoz. Mahai-inguru, kontzertu, mural margoketa eta elkarretaratzea egingo dituzte.
Bermeoko Errementa Armaidxuek aldarrikapenak eta hausnarketak partekatuko ditu Harrotasun Asteburuan. Bihar [ekainak 26] mahai-inguruagaz hasiko dute, 18:00etan, Kabidxen eta iluntzerako kontzertuak antolatu dituzte. Zapatuan, murala margotuko dute, eta domekarako, berriz, elkarretaratzea deitu dute; 13:00etan Goiko plazan batuko dira: “Taldea sortu genuenetik, lehenengo Harrotasun Eguna da, eta beraz, guretzat berezia da. Dauzkagun baliabideekin eta indarrekin, egitarau hau osatzea lortu dugu”.
Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna edo LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da ekainaren 28a, eta bermeotarrek aldarrikapenekin beteko dute asteburua: “Gure bizitzak garrantzitsuak direla, harro gaudela eta gure herrian bizi daitekeela aldarrikatu nahi dugu. Herri batean bizi liteke, ez da zertan hiri batera joan; tradizionalki, gure kolektiboak ez du eduki beste modurik, eta bizitzeko edota bizirauteko hirietara joan gara. Bizi duinak edukitzeko joan izan gara, hiriek ematen duten nolabaiteko anonimotasun horren babespean. Hazi garen edota bizi garen herrian duintasunez bizitzea eta denontzat leku atsegina izatea garrantzitsua da guretzat”.
Kabidxen Bariku sozialak egiten dituzte eta biharko egitarauagaz horregaz bat egingo dute: “Kabidxen parte hartzen dugun elkarte eta taldeok urtean zehar txanda batzuk egiten ditugu, eta oraingoa aukeratu genuen, guretzat asteburu inportantea delako”. Mahai-inguru zabala izango da, besteren artean, ikuspegiak, errealitateak eta kezkak plazaratzeko espazio atsegina: “Harrotasun Egunari sakontasuna emateko modua da mahai-ingurua, eta adierazteko ez dela ospakizuna bakarrik; kezka pertsonalak zein taldeoak ere badauzkagula adierazteko da, adibidez, Bermeon zein gurea bezalako herri batean zer den LGTBI kolektibokoa izatea”. Taldeko kideek parte hartuko dute: “Gure taldean badago zeresana daukan jendea eta hortik hasi nahi izan dugu”. Nabarmendu duten moduan, Harrotasun Egunak zein esanahi eduki duen eta zein esanahi eman gura dioten ere landuko dute, “alde politikotik eta aldarrikapen aldetik”.
“Gure bizitzak garrantzitsuak direla, harro gaudela eta gure herrian bizi daitekeela aldarrikatu nahi dugu“
Bestalde, herriko musikariak, Espenelis eta Kimo sound, gonbidatu dituzte biharko iluntzea musikatzeko: “Partaide guztiak dira LGTBI komunitatekoak, eta hori ere garrantzitsua da guretzat. Guri mugimenduko pertsonei lekua ematea lehenetsi dugu”.
Bermeoko Udalaren babesa ere badaukate, eta hori garrantzitsua da taldekideentzat. Besteren artean, udalari eskatu diote murala sortzeko lekua, eta kultur etxearen eta musika eskolaren inguruko horma bat utzi die: “Jende asko pasatzen da bertatik, eta esaterako, musika eskolako ikasleek bertan kontzertuak eskaini ohi dituzte; ikusgarria izan daitekeen lekua da. Ikusi dugu udalaren aldetik pausoak emateko borondatea dagoela; udalaren laguntzagaz pozik gaude, eta udala ere egitarauaren parte da”.
“Bai gure taldea, bai gure komunitatea gehiago ezagutzeko aukera ona izan liteke”
Eskaintza zabala eta askotarikoa prestatu dute, eta uste dute oraindik eurekin bat egin ez dutenek taldera lehen hurbilpena egiteko ere aproposa izan daitekeela. Era berean, ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena egin diete bermeotarrei: “Gurera hurreratzera animatu gura dugu jendea. Oraindino ezagutzen ez gaituen kolektiboko jende asko dago herrian, eta aukera ona izan ahal da taldera hurbiltzeko. Eta ez bakarrik kolektiboko herritarrei, ingurukoei ere gonbidapena egiten diegu. Askotan ezjakintasunetik gauzak esaten dira edo komentarioak egiten dira, eta mahai ingurutik hasita, aukera ona izan ahal da bai gure taldea, bai gure komunitatea gehiago ezagutzeko. Kontzientzia zabaltzeko ere aukera inportantea izan ahal da “.
Egitaraua:
Ekainak 26 (barikua):
- 18:00etan. Mahai-ingurua, Kabidxen.
- 20:00. Kontzertuak: Espenelis eta Kimo sound.
Ekainak 27 (zapatua): mural margoketa.
Ekainak 28 (domeka):
- 13:00. Kontzentrazioa, Goiko plazan.