Gaztelugatxeren balio natural, historiko eta kulturala ezagutzeko ate berria
Gaztelugatxe Zentroa inauguratu dute gaur [ekainak 23] Bermeoko Alde Zaharrean. Gaztelugatxeren balioa ezagutu eta turismo arduratsuaren aldeko kontzientzia pizteko interpretazio zentroa Next Generation UE funtsaren bidez finantzatu da, 2.270.000 euroko diru laguntzagaz.
Gizartea 2023az geroztik Monumentu Naturala den Gaztelugatxera hurbiltzeko, haren balio natural, historiko eta kulturala ezagutzeko eta, turismo arduratsuaren aldeko kontzientzia pizteko interpretazio zentro berria inauguratu dute gaur [ekainak 23], Bermeon: Gaztelugatxe Zentroa. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatearen berbetan, Bermeo ezin da ulertu Gaztelugatxe barik, eta Gaztelugatxe bera ere ez litzateke ulertuko Bermeorik gabe. Horregatik, “bermeotarren eta Gaztelugatxeren arteko lotura historiko eta emozionala” bistaraziz, San Joan bezperan ireki dituzte harrera-gune berriaren ateak.
Gaztelugatxe Zentroa “paisaia izugarri” baten historia ezagutzeko aukera dela nabarmendu du alkateak: “Paisaia ikusgarri honen sekretuak ezagutzeko ateak irekitzen ditu, mendeetako historia ulertzeko ateak; herri baten nortasuna eta tradizioak sentitzeko eta, batez ere, denon artean zaindu behar dugun natura paregabea ezagutzeko ateak”. Alde Zaharrean kokatu dute zentroa (Areilza kalea, 4), Gaztelugatxerako bide historikoa hasten den Sanjuanportaletik oso gertu; bertan, esperientzia “interaktibo, irisgarri eta murgiltzailea” eskainiko diote gaurtik aurrera bisitariei, Gaztelugatxe ulertu, sentitu eta zaindu beharreko “ondare partekatu” gisa aurkeztuta.

Bermeo, helmuga ekoturistikoa: bertako natura eta kultura ondarea zaintzea eta balioestea proiektuaren barruan kokatzen da Gaztelugatxe Zentroa, eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Administrazio Orokorraren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Bermeoko Udalaren arteko hitzarmenaren bidez garatu da. Proiektua Bermeoren “potentzial turistikoa indartu” eta udalerria ekoturismoan oinarritutako helmuga jasangarri gisa sendotzea helburua duen 2023ko Helmugako Jasangarritasun Turistiko Planaren barruan kokatzen da, eta Next Generation UE funtsaren bidez finantzatu da. 2.270.000 euroko dirulaguntza jaso dute: 1.200.000 euro Gaztelugatxe Zentroa gauzatzera bideratu dituzte, eraikinaren egokitzapena, proiektu museistikoa eta digitalizazioa, barne. Zentroaren garapenerako, ostera, 1.500.000 euroko inbertsioa egin da. Udalak sinatutako hitzarmenak, gainera, Turismo Bulegoaren birgaikuntza energetikoa eta digitalizazioa, parkeko argiteria adimendua, Alde Zaharreko zenbait guneren berroneratzea eta interes historiko eta paisajistikoko eremuetan wifi publikoa ezartzea ere barnebiltzen ditu.
Hiru ikuspegiren bidez
Interpretazio zentrora bertaratzen direnek hiru ikuspegiren bidez Gaztelugatxera hurbiltzeko aukera edukiko dute: alde batetik, Monumentu Naturalaren balio ekologiko eta geologikoak ezagutu ahal izango dituzte, “itsasoak eta denborak modelatutako paisaia bereziaren” garrantziaz jabetzeko. Bertan, Akatxe uharteko hegaztien santutegitik hasita eta urpeko laminaria oihan gardenetaraino, kostaldeko biodibertsitatearen “aberasgarritasuna” ezagutzeko aukera izango dute. Bestetik, Bermeo zein inguruko bizilagunek eraikitako “lotura historiko, kultural eta espiritualak” ere bistaratzen ditu zentroak, tradizio, erritu, sinesmen eta kondairak oinarri hartuta. Azkenik, turismoagaz lotutako erronkei buruzko hausnarketa ere bultzatzen du, etorkizun “jasangarriago” baten aldeko jarrerak sustatu asmoz.

Ibilbidean zehar formatu handiko argazkiez, ikus-entzunezkoez, proiekzioez eta eduki digitalez gozatuko dute zentroan, tartean, Bermeoko historiaren mugarriak azaltzen dituen denbora lerro interaktiboagaz, eskualdeko kultura, erlijio eta jai tradizionalei buruzko ikus-entzunezkoagaz edota 241 maila izeneko esperientzia murgiltzaileagaz. Edukiak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eskaintzen dituzte.
Zaintza eta babesa.
Gaztelugatxeko San Juan “sentimendu bat” da bermeotarrentzat: “Gogoetarako lekua da, eskerrak emateko eta desirak egiteko tokia. Topagunea da, belaunaldiz belaunaldi partekatu dugun espazioa. Kondairen eta sinesmenaren ingurua da, familia eta lagunekin hainbat San Joan ospatu ditugun lekua da, uda hasierako hitzordua eta ikasturte amaierako poza; baina, batez ere, gure lekua da, harrotasunez sentitzen dugun lekua”, azpimarratu du Nemehk. Gaztelugatxe baina, “ez da berez” mantendu, eta alkateak urte luzez “isilean, maitasunez eta konpromisoz” lanean aritu diren pertsonen lana eskertu gura izan du gaur: “Inork ia ezagutzen ez zuen garaian, turismo masiborik ez zegoenean, astero bertara igotzen ziren boluntarioak bidea txukuntzera, ingurua eta ermita zaintzera eta, azken batean, denona den altxor hau bizirik mantentzera. Haiei esker iritsi da Gaztelugatxe gaur arte”. Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiagaz elkarlanean, monumentu naturalak “merezi duen zaintza eta babesa bermatzen” jarraitzen du udalak.
Fededunak izan edo ez, bermeotarrak “sanjoanekoak” direla aldarrikatu du alkateak. Gaztelugatxe eta Bermeoren arteko lotura “ezinbestekoa” bada ere, Nemehk gogoan izan ditu Bakio, Arrieta eta inguruko herriak, baita Bizkaia eta Euskal Herria osoa ere: “Badira leku batzuk denon bihotzak ukitzen dituztenak, eta Gaztelugatxe horietako bat da”. Gaztelugatxe bisitatu beharreko toki bat baino gehiago dela ere aldarrikatu du, maitatu eta zaindu beharreko ondarea ere badela zehaztuta: “Guk jaso genuen bezala hurrengo belaunaldiei transmititu behar diegun ondarea da, eta horregatik, ardura eta pribilegioa dugu: belaunaldi askok zaindu duten altxor hau etorkizunera eramatea. Lan handia dugu aurretik, baina herritarrok eta erakundeok elkarrekin lan eginda, ziur gaude bide emankorra egingo dugula, eta gure ondorengoek gaur hemen egiten ari garena eskertuko digutela”.

Erakundeen arteko elkarlana izan da, hain zuzen ere, proiektu osoaren garapena ahalbidetu duen elementua. Udalak eta Jaurlaritzak elkarlanean jardun dute azken urteotan, hainbat enpresa eta profesionalekin batera. Elkarlan horren emaitza da Gaztelugatxe Zentroa, “herritarren eta bisitarien arteko zubia” den espazioa. Horretarako, udalak denak gonbidatu ditu zentro berria ezagutu eta bertan eskaintzen diren edukiez gozatzera. Sarrera doakoa izango da, eta gaurtik irailaren 30era [eguaztena] bitartean egongo da zabalik: lan egunetan 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 18:00etara bisitatu ahalko da eta, domeka eta jai egunetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Astelehenetan eta irailaren 9an, Arrantzale egunez, itxita egongo da.