Argi Baltza sariketaren finala jokatuko dute zapatuan, Muxikan
Eñaut Martikorenak lortu ditu puntu gehien azkenenego kanporaketan.
Azkenengo kanporaketa Gautegiz Arteagan jokatu zuten domekan.Lilibertso Ekainaren 7an Mendatan hasitako errimen bidaia amaierara heltzear da. Ekaina bertsoz bete du azkenengo urteetan eskualdeko Lilibertso bertso eskolak, eta aurten ere uzta oparoa utzi du Argi Baltza bertsolari gazteen sariketak. Dena ez du eman, eta azkenengo bertsoaldiei begira daude. Txapela ere prest dago, aurtengo txapeldunaren burua betetzeko gogotsu.
Asier Galarza muxikarrak, Eñaut Martikorena eta Andoni Rekondo hernaniarrek, Txaber Altube abadiñarrak, Eki Mateorena leitzarrak eta Maite Sarasola bilbotarrak jokatuko dute aurtengo Argi Baltza VI. Bertsolari Gazteen Sariketaren finala. Zapatuan [ekainak 27] Muxikako Ariatza auzoko Garriko Eskolan lehiatuko dute, 18:00etatik aurrera.
Rekondo, Mateorena eta Martikorena, hiru kanporaketetako irabazleak, zuzenean sailkatu dira finalera, eta gainontzekoak, berriz, puntuazioaren arabera. Hain zuzen ere, herenegun [ekainak 21] Gautegiz Arteagako Kultur Etxean jokatu zuten hirugarren eta azkenengo kanporaketa, eta 191,5 puntugaz Martikorenak irabazi zuen saioa. Galarza sailkatu zen bigarren, 184 puntugaz eta Iker Uriarte hirugarren, 177,5 puntugaz. Eli Zalduak, Joseba Ortuzarrek eta Kelmene Abaituak osatu zuten sailkapena, 175 puntu, 148 puntu eta 139,5 puntugaz, hurrenez hurren. 30 bat pertsona elkartu ziren, eta saio “polita” izan zen. Era berean, momentu hunkigarriak ere utzi zituen; izan ere, Lilibertsoko kide Iker Uriarte bermeotarrak bere aita zendu berriari eskaini zion agurra: “Bertaratutako publikoa zein bertsolariak oso gustura geratu ziren”.
Lilibertso bertso eskolako kideek zein Muxikako udal ordezkariek zapatuan Ariatzara joateko gonbidapena egin diete eskualdeko bertsozaleei, bertso zein giro ederra bermatuta egongo baitira.
Bertsolari gazteei eta bertsoari berari euren lekua eman die beste behin ere Argi Baltzak, eta horrekin batera, eskualdeko herri txikietara bestelako kultur proposamena eroan du. Horrenbestez, helburuak beteta amaituko dute sariketa, beste urte batez. Jon Lopategi muxikarraren omenez ekin zioten Argi Baltzaren bideari, hark transmititutako balioei jarraituz, eta seigarren aldia hau ere aberasgarria izan da.