San Juan bezperako su gehienak bertan behera utzi dituzte eskualdean
Eusko Jaurlaritzak eguaztenera bitartean zabaldu du alarma gorria, muturreko tenperatura altuengatik, eta herritarren segurtasuna bermatzeko eta arriskuak prebenitzeko helburuz, San Juan jaietako zein San Juan bezperarako antolatutako suetan eragina eduki du neurri horrek.
Arratzun, Busturian, Ereñon, Errigoitin, Foruan, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon (Lurgorri Auzo Elkarteak antolatutakoa), Mendatan, Muxikan, Nabarnizen eta Sukarrietan San Juan bezperako suak bertan behera uztea erabaki dute. Hala ere, horien aurreko zenbait ekitaldi mantenduko dituzte udalerri batzuetan. Gernika-Lumon San Juan Ibarran umeentzako diskofesta, txokolate jana eta gaueko ikuskizuna egingo dituzte; Errigoitin eta Sukarrietan txokolate janak mantenduko dituzte; Mendatan sardina jana 20:00etara aurreratu dute; Nabarnizen falda eta urdaiazpiko jana edukiko dituzte.