Indarrez hasi du liga Busturialdeak
KAE 2 Liga hasi dute asteburuan [ekainak 20] Astilleron. Busturialdeko arraunlariek indarrez hasi dute liga, lehen erlojupekoan bosgarren postua lortuz.
Busturialdeko trainera Astilleron. KAE 2 Ligako lehen estropada jokatu zuten zapatuan [ekainak 20] Astilleron, eta bertan egin du Busturialdeko trainerak lehen indar erakustaldia. Elantxobe Arraun Elkarteko arraunlariek osatutako taldeak ohorezko txandan aritzeko asmoa erakutsi zuten estropada baino arinago. Lehen jardunaldian helburua bete ez badute ere, emaitza ona lortu dute Astilleroko estropadan.
Bosgarren postua lortu zuen Busturialdeak hiru milietako erlojupeko lehian. 22.11,62ko denboran bete zituzten lau luze eta hiru ziabogak, sailkapenerako lau puntuak lortuz. Castrok egin zuen denborarik onena 21.07,98ko denboragaz, sailkapen orokorrean lehen postuan finkatuz. Camargorena izan zen bigarren denborarik onena, Portugaleterena hirugarrena eta Deustorena, laugarrena. Busturialdearen atzetik geratu zen Mutriku, eta Laredok eta Lutxanak bete zituzen azken postuak. Hurrengo jardunaldira begira, datorren zapatuan [ekainak 27] izango du Busturialdeak Plentziako 38. Bandera lahiatzeko hitzordua.