Bermeon alokairuko babes ofizialeko 52 etxebizitza sustatzeko hitzarmena sinatu dute
Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindos eta udalerriko alkate Nadia Nemeh gaur.Bermeoko Udala Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Bermeokoko etxebizitza eskuragarrien parke publikoa handitu nahi du, eta Denis Itxaso sailburuak martxoaren 4an Bermeoko Kurtzio, Zarragoitxi eta Itxasbegi auzoak biziberritzeko proiektura egindako bisitan iragarri zuen alokairuko babes ofizialeko 52 etxebizitza eraikiko zituztela Kaltzadape kalean. Horretarako, Carlos Quindos Visesa sozietate publikoaren zuzendari nagusiak eta Nadia Nemeh Bermeoko alkateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur [ekainak 22].
Bermeoko alkatearen berbetan, herritar askoren “benetako beharrari erantzuten” dion proiektua da, eta erakundeen arteko lankidetza horri esker, herritarren ongizatea “hobetzeko” eta etxebizitza duina eta irisgarria “bermatzeko” beste pauso ematen ari dira: “Gure herrialdeko eta bereziki gazteei eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten familiei begira egindako apustua da. Herrialde kohesionatuagoa eta etorkizunerako aukera gehiago eskaintzen dituen udalerri bat eraikitzen jarraitzeko konpromisoa dugu”.
Proiektua aurtengo irailean lizitatzea aurreikusten dutela esan du Quindosek. 10,1 milioi euro inguruko inbertsioa egingo dute, eta alokairuko etxebizitzak Alokabidek kudeatuko ditu: “Horri esker, etxebizitzak Eusko Jaurlaritzaren alokairuko parke publikoan sartzea ahalbidetuko da”.
Etxebizitzak eraikiko dituzten partzelaren jabe den Bermeoko Udalak doan utziko dio lurzorua Visesari; partzelak 1.200,74 metro karratuko azalera du guztira, eta 5.237,91 m²-ko eraikigarritasun garbi erabilgarriko aprobetxamendua. Eta, udalak konpromisoa hartu du Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga (EIOZ) arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketa sustatu eta bultzatzeko —alokairurako babes publikoko etxebizitzei % 95eko hobaria emateko zerga-kuotan—, eta Hirigintza eta Ingurumen Zerbitzuen Tasagatiko salbuespena deklaratzeko.