Tokiko merkataritza bultzatzearen eta babestearen garrantzia aldarrikatuko du Berton azokak
Laugarren urtez, Berton Azoka antolatu du Bermeoko merkatarien eta ostalarien elkarteak. Zapatuan [ekainak 20], 11:00etan zabalduko dute, eta 21:o0etara bitarteko ordutegia edukiko du. Domekan [ekainak 21, berriz, 11:00etatik 15:00etara arte egongo da zabalik.
Komertzioen eskaintza zabala frantziskotarren klaustroan egongo da, eta zapatuan, 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta domekan 11:00etatik 15:00etara bitartean erosi ahalko dira horien proposamenak. Hamasei merkataritza establezimenduk “denetarikoa” eskainiko dute; besteren artean, arropa dendak, estetika zentroak, optika eta gauza pertsonalizatuak zein diseinu pertsonalizatuak eskaintzen dituztenak egongo dira azokan. Gastroguneak, ostera, azokaren ordutegi bera edukiko du. Edari eta pintxoez gain, marmitakoa ere prestatuko dute, nahi duenak bertan bazkaltzeko. Jakinarazi dutenez, zozketak egingo dituzte; erosketa bakoitzarengatik txartel bana jasoko dute herritarrek, eta zozketa domekan, 14:00etan egingo dute.
Gainera, kanpoaldean, Taraskan, umeentzako puzgarriak ipiniko dituzte: zapatuan, 12:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 19:30era bitartean eta domekan 12:00etatik 14:30era. Eta aurpegiak margotzeko aukera ere edukiko dute: “Gure asmoa da adin guztietako herritarrak azokan elkartzea, eta uste dugu erakargarria dela umeentzako puzgarriak egotea”.
Azokak elkartearen helburu nagusi bera dauka: herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzea. “Horrekin batera, galduta ez daudela jendeak ikustea gura dugu. Denon artean esfortzua ipiniz gero, ez dira galduko, eta horretaz ere kontzientziatu gura ditugu herritarrak. Eurek ere euren partetik ipini behar dute”, azaldu dute. Elkarteko kideen berbetan, komertzio txikia “atzean ez geratzea” da erronka, gaur egun “zaila” delako enpresa handiekin lehiatzea.
Ekonomia zirkularra bultzatzen du Berton Bermeoko Merkatarien Elkarteak. Dirua “herrian geratzea” da asmoa; izan ere, herritarrek bertoko komertzioetan erosten baldin badute, komertzioek “bizi gehiago emango diote herriari”. Herritarrak kontzientziatu eta udalerriko komertzioei babesa eta bultzada ematearen garrantzia azpimarratu dute elkartearen ordezkariek:” Jendea kontzientziatzea funtsezkoa da; komertzio txikia bultzatu behar dugu, herria piztuta segitzeko. Alde Zaharra hilda dago, gero eta komertzio gutxiago daude, eta gero eta gehiago ikusten dira alokairu edo salmenta kartelak. Lehenago egoten zen bizia berriro kaleetara ekarri gura dugu”.
Omenaldia. Azoka omenaldia egiteko ere aprobetxatzen du udalerriko merkatarien eta ostalarien elkarteak. Aurtengo omenduak frantziskotarrak izango dira, euren lana eta elkarteari ematen dioten laguntza eskertzeko eta aitortzeko. “Azoka egiteko lekua uzten digute, euren etxea uzten digute, bertan bizi baitira. Eurek egiten duten behar guztiagatik eskerrak emateko modua izango da omenaldia. Lau urte daramatzagu azoka antolatzen, eta aurrekoetan, jubilatutako merkatari edo ostalariak omendu ditugu. Urtean ez dira horrenbeste jubilatzen, eta horregatik nahiago izango dugu itxaron, eta gehiago direnean elkarrekin omendu”.