Gazte eta beteranoen ilusioa batzen dituen trainerua
Elantxobe Arraun Elkarteko arraunlariek osatuta lehiatuko da aurtengo denboraldian Busturialdea. Astilleron hasiko dute liga zapatuan [ekainak 20]. Denboraldi honetan aurrerapausoa eman, eta ohorezko txandan egotea dute helburu. "Ilusioz eta baikortasunez" ekingo diote ligari.
Busturialdea arraun taldekoak ekainaren 6an, Lekeition.Bermeo Arraun Argazkiak Kantabrian ekingo dio KAE 2 Ligari Busturialdea arraun taldeak asteburu honetan. Astilleron lehiatuko dute denboraldi honetako ligaren lehenengo jardunaldiko estropada zapatuan [ekainak 20], 17:20etik aurrera.
Zortzi urte eta gero, Mundakak proiektua uztea erabaki, eta Elantxobe Arraun Elkarteak taldea mantentzeko apustua egin du. Gazteen zein beteranoen ilusioa batzen dituen trainerua osatu dute. Harrobiko arraunlariek lekua egin, eta beteranoak ere sartu dira traineruan. Gazte mailatik laupapost arraunlari igo dira, Lekeitioko Isuntzatik lau arraunlari utzita heldu dira, eta lau bat beterano ere arraunean ari dira: “Gazteek daukaten gogo hori dauka taldeak, eta uste dugu gorabehera handiko denboraldia izan daitekeela, gaztetasunak hori ere baitakar”. Denboraldiaurrean egindako lanagaz pozik daude, eta hasteko gogotsu: “Negu guztian jendez nahikoa justu ibili gara, baina egon garenok oso ondo erantzun dugu, eta egin dugun neguagaz pozik gaude eta betiko legez, ilusio handiagaz gaude denboraldiari begira, baita hasteko gogoz ere”.
Denboraldiaurreko azkenengo estropadetan egindako lanagaz gustura geratu dira, eta horrek liga baikortasunez hasteko bultzada eman die: “Beste urte batzuekin konparatuta, hobekuntza nabarmenak eduki ditugula uste dugu. Nahiz eta talde berria osatu behar izan dugun, pentsatzen dugu pausoak eman ditugula. Gauzak ondo egiten baldin baditugu, azkenengo urteetan baino politoago ibiltzeko aukera daukagu”. Denboraldi amaiera aurreikusteko goizegi bada ere, play-offen lehian egotea gustatuko litzaieke.
Helburu nagusia izan da uretan talde lehiakorragaz egotea, eta hori lortu dute. Zalantzei eta oztopoei aurre eginda, eta lanak ondo eginda, abuztuaren erdialdera bitarteko ligako egutegia esku artean daukate: “2007tik uretan gauden taldea gara, eta ligako herri txikiena da gurea; talde lehiakorragaz ligan egotea zehazten dugu helburu moduan, eta beti bete dugu. Orain beste pausotxo bat ematea espero dugu”. Hain zuzen ere, KAE 2 Ligaren ohorezko txandan egotea da Busturialdearen erronka.
Ligako talde kantabriarretako bat den Castro oso ondo dabil, eta hutsik egin ezean, ligan nagusitasunez aritzeko hautagai nagusia da. Camargo eta Portugalete ere banderen lehian egotea aurreikuten da, eta Busturialdekoen nahia da horiekin ohorezko txandan sartzea. Bestalde, Deusto B eta Mutriku KAE 2 Ligara bueltatu dira, eta aipatutakoez gain, Lutxana eta Laredok osatzen dute KAE 2ko kluben zerrenda. Denboraldiaurreko estropadetan euren ligako talde onen aurretik ibili dira, eta horrek indarra zein itxaropena eman dizkie: “Aurretik ibiltzeak ez du ezer esan nahi, baina ohorezko txandan sartzeko borroka horretan egoteko aukerak dauzkagula pentsatu behar dugu”.
Ligaren bigarren asteburuan, etxean ariko dira. Beraz, antolakuntza lanak eta lehiarako prestakuntza uztartu beharko dituzte. Etxeko bandera irabaztea zer den badaki Busturialdeak, eta 38. Elantxobeko Ikurrina ere begiz jota daukate. Gainera, emakumezkoen lehenengo bandera ere lehiatuko dute Elantxoben, eta klubeko arduradunek aipamen berezia egin diote: “ETE Ligan gure arraunlariak ere badaude, bai Lekeition, bai Ondarroan, eta hemen, euren herrian, lehenengo aldiz aukera edukiko dute traineruan bandera jokatzeko”.
KAE 2 LIGAREN EGUTEGIA:
- Ekaina 20: XXII. Bandera del Real Astillero Guarnizo
- Ekaina 27: Elantxobeko XXXVIII Traineru Estropada
- Ekaina 28: Unebide VIII. KAE2 – ARC 2 Bandera
- Uztaila 4: II. Regata Promoción Bilbao
- Uztaila 11: XXXIV. Bandera del ayuntamiento de Camargo
- Uztaila 12: II. Burdinola Safer Labs Bandera
- Uztaila 18: XXXIX. Erandioko Ikurrina
- Uztaila 19: XLIV. Portugaleteko Bandera
- Uztaila 25: II. Sestaoko Udalaren Bandera Liga ARC II
- Uztaila 26: XIX Bandera Exmo. Ayto. de Laredo
- Abuztua 1: Ondarroako XLII. Bandera – Goimek Sari Nagusia
- Abuztua 2: Santander
- Abuztua 8: XXXII. Bandera Ria del Ason
- Abuztua 15: LIV. Ciudad De Castro Urdiales