Bertsoaren bidez egoiliarren gaitasun psikoemozionalak hobetuz
Onintza Enbeita eta Janire Arrizabalaga bertsolariak Bermeoko Sancti Spiritus udal egoitzan izan dira gaur [ekainak 17], Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bertso Ardatz ekimenaren barruan.
Kantuak ematen du / poza eta bizitza / bertsoekaz gozatu / gurean gabiltza / eskerrik asko beraz / Janire ta Onintza / ta hemendik aurrera / zeuona da hitza /. Maritxu nora zoaz-en doinuari segika bertsoa botata eman diete gaur goizean [ekainak 17] ongi etorria Sancti Spiritus udal egoitzako egoiliarrek Onintza Enbeita bertsolari muxikararrari eta Janire Arrizabalaga gernika-lumotarrari. Egoitzak Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bertso Ardatz ekimena hartu du hirugarrenez, egoiliarren bizi-kalitatea eta gaitasun psikoemozionalak hobetzeko helburuagaz.
Aldundiak bertsolaritzaren bidez egoiliarren memoria, adierazpen emozionala eta gaitasun kognitiboak sustatu asmoz sortu zuen kultur ekimena da Bertso Ardatz, eta aurreko urteetan izandako “harrera ona” ikusita, Bermeoko udal egoitzan parte hartzen jarraitzea erabaki dute. Izan ere, saioetan bertsolariek eta egoiliarrek oroitzapenak, bizipenak eta anekdotak partekatzen dituzte, eta sortzen den giro hurbil eta parte hartzaileak egoiliarrek “burua aktibo mantentzea” ahalbidetzen du.
Lehenengo aldian Ibai Amillategi eta Miren Amuriza aritu ziren kantuan; iaz, berriz, Xabier Amuriza eta Sebastion Lizaso. Gaur berriz Enbeita eta Agirrezabala izan dira mikrofonoa eskuan egoiliarrak kantuan ipini dituztenak. “Arrakastatsua izaten da beti, giro polita sortzen baita. Tradizio moduko bat sortzen ari gara, eta eskertu egiten dute”, adierazi du Ramon Alberdi egoitzako zuzendariak. Argitu duenez, “kanpoko giroa egoitzara hurbiltzea” da egoitzaren erronketako bat, eta bide horretan, “herriko gero eta talde gehiago” dira Sancti Spiritusera sartzen direnak.

Bertsolariak ere pozarren agertu dira Bertso Ardatz ekimenan parte hartzeko aukeragaz: “Bertsolari eta pertsona moduan egin beharko genuen zerbait dela uste dut, bizi garen munduan zaharrak zaharrekin eta gazteek gazteekin batzen garelako, eta gizarteak kalean ikusi nahi ez duena inork ez ikusteko lekuetan gordetzen dugulako. Uste dut horrekin apurtzea oso garrantzitsua dela, eta honelako lekuetara ere etorri egin behar dela, kalean gertatzen diren gauzak erakusteko eta bertokoekin ere feedback-a izateko”, adierazi du Enbeitak. Pertsonalki “erronka” ere badela onartu du, baita bertsolari bezala ere gauza onak eta txarrak dituela ere: “Alde batetik oso esker oneko publikoa da; bestetik, askotan ez dakigu ze egoera egongo den egoitzan, eta urduritasuna edo ardura handiagoa izan daiteke. Halere, normalean ekimen polita da”.
Arrizabalagak azpimarratu du bertsolarientzat bertsoa zaletasuna baino gehiago izan ohi dela normalean, eta “gizarteari ekarpena” egiteko ere erabili ohi dutela: “Uste dut gaurkoa ere badela gizarteari ekarpena egiten dion ekintza bat; gainera, niri pertsonalki ere ekarpena egiten dudala uste dut, zoritxarrez ez delako egunerokotasunean ezagutzen dudan errealitatea: istorioak ezagutzeko eta jendearekin nola tratatu ikasteko balio dit, eta orokorrean, bizitzarako ekarpen handia egiten dit”.
Egoitzak bertsolaritza “berandu konkistatzen hasi den plaza” badira ere, lortzen ari dire emaitzak “onak” direla nabarmendu du Enbeitak. Gernika-lumotarrak, bestalde, balioan jarri du bertsolaritza “publiko ezberdinera” iristeko egiten ari diren lana: “Beti irudikatzen dugu tabernako publiko hegemonikoa, baina batzuentzat agian erosoagoa da hemen abestea, taberna batean pertsona askoren aurrean kantatzea baino. Denetariko publikoa dago; ez dago publiko orokorra alde batetik eta gaurkoa bezalakoa bestetik; egoiliarrak ere publiko orokorra dira. Denak aberasten du bertsoa”.