Opor aurreko topaketan elkartu dira berbalagunak
Bermeoko Berbalagunek uztailaren 7an [martitzena] jarriko du martxan udako berbalagun taldea, eta bihar [ekainak 17] da izena emateko azken eguna.
Argazkia: Bermeoko Berbalagun Bermeoko Berbalagunak bazkaritan batuta agurtu dute ikasturtea. Eguraldi ona aprobetxatuta, opor aurreko topaketan batu ziren barikuan [ekainak 12], denek elkarrekin eta euskaraz “arratsalde ona” igaroz.
Eguerdian elkartu ziren berbalagunak, eta kontu kontari aritu ziren kofradiara bazkaltzera joan aurretik. Berbalagunen deiari erantzunez, bazkaltzera joaterik izan ez zuten lagun batzuk kafera bertaratu ziren, talde polita osatuz. “Oso arratsalde ona” pasatu zuten, eta inork ez zuen eguna amaitzerik nahi: “Paseoan ibili ginen portutik, eta iluntzera arte geratu ginen portuan azkena hartzen, eguraldi beroa lagun”.
Ekainean Berbalagunen “ohiko mugimendua eten” egingo dela eta, taldeak dagoeneko elkar agurtzen hasi dira. Halere, udan ere euskara praktikatzen jarraitzeko aukera izango dute, uztailaren 7an [martitzena] ipiniko baitu Berbalagunek martxan udako berbalagun taldea. Talde horretan parte hartu nahi dutenek bihar [ekainak 17] dute izena emateko azken eguna, eta horretarako 607 60 95 80 telefono zenbakira deitu beharko dute.
Lehenengo topaketa uztailaren 7an, 18:30ean ipini dute, baina aurrerantzean taldeak berak egokituko ditu saioen hasiera eta amaiera orduak, baita topalekuak ere. “Taldea modu autonomoan elkartuko da uztailean eta abuztuan, beti bezala, irailera arte”, azaldu dute.