Kaitin Allenderen eta Olatz Salvadorren sormenak, Urdaibaiko Esentziak Mahastietan esperientzian
Eskualdeko esentzia, gastronomia, txakolina, kultura eta paisaiaren bidez ezagutzeko gonbidapena egiten duen Urdaibaiko Esentziak Mahastietan proposamena bueltan da. Urdaibai “bost zentzumenekin gozatzeko” esperientzia da, eta barikuan (ekainak 19) eta zapatuan (ekainak 20) egindo dituzte jarduerak, 19:30etik aurrera, Gernika-Lumoko Itsasmendi Upategian.
Turismo Urdaibairen bidez, eta Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz, Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen du, eta arduradunen berbetan, mahastiz inguratutako ingurune “zoragarri” horretan, parte- hartzaileek Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean esperientzia “paregabeaz” gozatzeko aukera izango dute. Azaldu dutenez, helburua da lurraldearen nortasuna balioan jartzea da, bere adierazgarri “nagusietakoak” diren enoturismoaren eta tokiko gastronomiaren eta kulturaren bidez.
Barikuan, mahastien arteko ibilaldiaren ostean, Kaitin Allende umoregileak bakarrizketa saioa eskainiko du, eta parte hartzaileek Urdaibaiko lau txakolin eta tokiko produktuekin prestatutako lau pintxo dastatuko dituzte: “Mahastietan barrena egindako ibilalditxoa, eskaintza gastronomikoa eta kultur jarduerak uztartzeak bertaratutakoei aukera ematen die Urdaibaira ikuspegi esperientzial batetik hurbiltzeko, paisaia, gastronomia eta kultura uztartuz, txakolina protagonista nagusi delarik”.
Zapatuan, berriz, Olatz Salvador abeslariaren txanda izango da. Bere musikak girotuko du bisita eta dastaketa uztartuko dituen bigarren esperientzia, aurreko eguneko formatu berari eutsiz.
Sarrerak Turismo Urdaibairen webgunean eskuratu behar dira, 20 eurotan.