Indarrean da Portuzarreko sarbide-kontrol sistema berria
Irailaren 20a bitartean Portuzarra itxita egongo da 13:00etatik 18:00etara arteko ordutegian, eta tarte horretan bertara sartzeko ibilgailuen kontrola matrikulak irakurtzeko kameraren bidez egingo da.
Argazkia: Bermeoko Udala Uda sasoiko portuaren itxierarekin batera, Bermeoko Udalak martxan ipini du Portuzarreko sarbide-kontrol sistema berria. Irailaren 20a [domeka] bitartean Portuzarra itxita egongo da 13:00etatik 18:00etara bitartean, eta tarte horretan bertara sartzeko ibilgailuen kontrola matrikulak irakurtzeko kameraren bidez egingo da. Espazio horren itxieragaz, Portuzarrak herritarren topagune “atsegin, bizia eta kalitatezkoa” izaten jarraitzea nahi dute, oinezkoen erabilera lehenetsiz eta “denen gozamenerako” izango de espazio publiko gisa sendotuz.
Azken hilabeteetan Portuzarrera sartzeko baimenak bideratzen egon da udala, baina argitu dutenez, aurrerantzean ere ordenantzan “xedatutakoa betetzen duen edonork” eskatu ahal izango du. Portuzarrera zein Alde Zaharrerako behin-behineko baimen guztiak dagoeneko martxan dagoen web plataforma digitalaren bidez egin beharko dira, oinezkobaimenak.bermeo.eus webgunean. Behin-behineko baimenek sei hilabeteko indarraldia izango dute gehienez eta epe hori amaitzean, sarbidea mantendu nahi izanez gero, eskabide berria aurkeztu beharko da.

Argazkia: Bermeoko Udala
Plataformaren erabileran zailtasunak dituzten herritarrek Berhaz bulegora jo dezaketela gogoratu dute udaletik; bertan, langileek baimena eskatzeko beharrezkoak diren datuak plataforma digitalean txertatzen lagunduko die bertaratzen direnei, “inor kanpo gera ez dadin”. Behin eskaera aurkeztuta, posta elektronikoz jasoko dute erantzuna.
Sarbide baimenak Portuzarretik sarbidea duten etxebizitzetan erroldatutako herritarrei, amarristei, portuko jardueretan aritzen diren eragileei, ostalariei, merkatariei, elkarteei eta portuko lonJen erabiltzaileei zuzenduta daude eta, kasu guztietan, beharreko dokumentazioa aurkeztu eta baldintzak bete beharko dira.
Baimen-sistema eta sarbide-kontrol berriak Portuzarraren erabilera “modu orekatuan” antolatzen lagunduko duela azpimarratu dute udaletik, bertan garatzen diren jarduera ekonomiko, profesionak eta sozialak “bateragarri” egingo dituelako, gunearen “nortasun berezia zaindu” bitartean: “Helburua da ibilgailuen presentzia behar-beharrezko kasuetara mugatzea, jardueraren garapena bermatuta”.