Eki Mateorena ere Argi Baltza sariketaren finalean egongo da
Eki Mateorenak irabazi du Argi Baltza bertso sariketako bigarren kanporaketa, eta hirugarren eta azkenengo kanporaketa Gautegiz Arteagak hartuko du, domeka honetan.
Argazkia: Lilibertso Eki Mateorena leitzarrak irabazi zuen Argi Baltza sariketaren Mendatako kanporaketa, domeka arratsaldean [ekainak 14]. Ondorioz, zuzenean sailkatu da ekainaren 27ko Muxikako finalera.
Manteorenak 195,5 puntu lortu zituen, eta harengandik bost puntura geratu zen Txaber Altube abadiñarra. Maite Sarasola bilbotarra sailkatu zen hirugarren, 187 puntugaz, eta puntu bakarraren aldea egon hurrengo hiru sailkatuen artean: Haizea Arana eskoriatzarrak 182,5 puntu bildu zituen, Enare Muniategi gautegiz arteagarrak 182 puntu eta Koldo Gezuraga gernika-lumotarrak 181,5 puntu. Hain zuzen ere, lehenengo kanporaketan baino puntuazio altuagoak egon ziren; Ajangizko azkenengo sailkatuak Mendatako hirugarrenak beste puntu dauzka. Gaiei dagokionez, aniztasuna nagusi izan zen; besteren artean, amaren zahartzaroa zelan bizi zuten kantatu zuten, teknomenpekotasuna landu zuten eta aitonaren paperetik, bilobarekin eztabaidatu zuten.
Ajangizko Kultur Etxeko aretoa bete zuten bertsozaleek, eta bertsolariak “oso gustura” sentitu ziren: “Guk nahi dugun formatura begira, kultur etxea egokiagoa da, sentsazio beroagoa ematen die bertsolariei. Aretoa bete egin zen, eta oso ondo egon ginen, oso gustura”.
Domeka honetan Gautegiz Arteagan kanporaketa jokatu ostean argituko da zein den sariketaren finaleko bertsolarien zerrenda. Azken orduko aldaketak tarteko, bertsolari hauek lehiatuko dute hirugarren eta azkenengo kanporaketa: Asier Galarzak, Kelmene Abaituak, Eñaut Martikorenak, Eli Zalduak eta Joseba Ortuzarrek. 18:00etan elkartuko dira kultur etxean.
Hilaren 27an Muxikako Ariatzako eskolako aretoan jokatuko dute finala —aurreko aldietan Urretxindorra Herri Eskolan izaten zen—. Bai Gautegiz Arteagako kanporaketara, bai Muxikako finalera joateko gonbidapena egin dute: “Jendea ondo erantzuten ari da. Urtero antolatzen dugun sariketa denez, badaukagu publikoa; maiztasunez etortzen dira, eta oso pozik gaude. Domeka arratsalde polita izango da Gautegiz Arteagakoa, eta jendeari etortzera animatzeko eskatzen diogu”.

Argazkia: Lilibertso