Nekazarien, ekoizleen, artisauen eta harri jasotzaileen plaza bihurtu da Gautegiz Arteaga
Gautegiz Arteagako III. Azokak kolorez eta zaporez bete du herriko plaza gaur [ekainak 13]. Lehenengo sektorearen plaza izateaz gain, Sustabiz Fundazioko kideen eta Montorre Eskolako ikasleen erakustoki ere izan da.
Hogei ekoizleren eta sei artisauren postuak egon dira, eta, era berean, Montorre Eskolak, Gautegiz Arteagako Udalak, Adouna elkarteak eta Ganbiako Kerr Sait Saloumgo eskolak daukaten lankidetza proiektuarentzako dirua lortzeko postua ipini dute herriko umeek.
Gainera, Sustabiz Fundazioko kideen eskutik, herri kiroletan aritzeko aukera eduki dute umeek. 13:30ak aldera, berriz, Arteagako harri gorriagaz erakustaldia egin dute Leire Olea eta Patxi Bilbao Sustabiz Fundazioko harri jasotzaileek. Gernika-lumotarrak eta amorotarrak Gautegiz Arteagako harrobiko harri gorriagaz egindako 62,5 kiloko eta 112,5 kiloko harriak altxatu dituzte, hurrenez hurren, eta laguntzaile lanetan aritu dira Jon Onaindia eta Inhar Urruzuno. Gautegiz Arteagako herriak dohaintzan eman dizkio harriak fundazioari, eta bertako kideek esker ona adierazi diete udalari eta herritarrei. Nabarmendu dute horrelako dohaintzak eurentzat oso garrantzitsuak direla, “herriz herri erakustaldiak egiteko lagungarriak baitira”.
Giro bero bezain ederra eduki dute herriko plaza berrituan. Lehenengo sektoreari bultzada ematea zen udalaren helburua, eta herritarrek ondo erantzun dute. Ikusteko eta erosteko eskaintza zabala egon da, eta gustura ibili dira bertako zein inguruko bizilagunak.