Gorpuzti jaien azkenengo egunean murgildu dira ibarrangelutarrak
Ekainaren 4tik Gorpuzti jaiak ospatzen dabiltza ibarrangelutarrak, eta gaur [ekainak 13] jaietako azkenengo eguna dute. Usain ederra ipini diote egunari; eguerdian paellak prestatzeko elkartu dira kuadrillak eta jai giroa goizaldera arte luzatzeko prest agertu dira bertako eta inguruko bizilagunak.
Bederatzi paella aurkeztu dituzte txapelketara, eta Laga Baketan Laga izenekoa izan da onena epaimahaiaren iritziz. Bigarren postuan berdinketa egon da, Lagaburu eta Gaztetxearen artean. Hirugarren saria, berriz, Txosnakuek eskuratu dute. Aurreko astean modura, aipamen berezia egin diote Marian Olanori eta Begoña Ziluagari; biek ala biek lan nekaezina egiten dute herriaren alde, eta hori aitortzeko eta eskertzeko tartea hartu dute paella txapelketaren sari banaketa ekitaldian.
Egunak askorako emango du, arratsalde eta gauerako planik ez baitute falta. 17:30ean, frontoira hurbilduko dira esku pilota eta pala partiduak ikusteko, eta 19:00tan hasiko da nagusien mailako partidua. Jakak eta Morgaetxebarriak Larrazabalen eta Landaren kontra jokatuko dute. 20:00etatik aurrera, berriz, Beti Jai Fanfarreako kideek musikaz beteko dituzte Elixaldeko bazterrak, eta 23:00etan DJ Koetek hartuko die lekukoa, Gorpuzti jaiak behar bezala biribiltzeko.