Egileak, ikertzaileak eta sortzaileak bilduko ditu Bermeoko liburutegiko Aste Kulturalak
Memoria eta gaurkotasuna herritarrengana hurbiltzeko helburuagaz, astelehenetik barikura bitartean, Aste Kulturala egingo dute Bermeoko liburutegian.
Bost egunez, literatura, memoria historikoa, gizarte-gaiak eta nazioarteko errealitatea plazaratuko ditu Bermeoko udal liburutegiak antolatutako Aste Kulturalak. Astelehenetik barikura bitartean (ekainak 15-19) ospatuko dute, askotariko publikoari zuzendutako doako jarduera irekien bidez.
Liburutegiak azken aldian abiatu duen hausnarketa eta berrikuntza-prozesuaren barruan kokatzen da: “Aste Kulturalaren bidez, liburutegiak irakurzaletasuna sustatzeaz gain, herritarren arteko topaketa, pentsamendu kritikoa eta kultur parte-hartzea bultzatu nahi ditu”. Liburutegia herriko kultur bizitzaren “erdigunean kokatzeko” beste urrats bat da, liburuak ez ezik, ideiak, esperientziak eta pertsonak ere elkartzen dituen espazio modura: “Helburua da liburutegia ez ulertzea bakarrik liburuak mailegatzeko leku modura, baizik eta ezagutza partekatzeko, ideiak trukatzeko eta komunitatea eraikitzeko gune bizi modura. Izan ere, liburutegiak bere ohiko eginkizunak betetzen jarraitzen duen arren, gero eta nabarmenagoa da herritarrentzako topagune, elkarrizketa-gune eta kultur dinamizaziorako espazio izateko borondatea”.
Horrenbestez, liburutegiak herritarrei zabaldu nahi dizkie literaturak eta kulturak eskaintzen dituzten ateak, eta, aldi berean, egungo gizartean eztabaidagai diren hainbat gairi buruzko hausnarketarako espazioa eskaini. Literatura unibertsala, euskal kulturaren memoria, familien bizipenak eta nazioarteko gatazken inguruko gogoetak uztartuko dituzte, eta egileak, ikertzaileak eta sortzaileak bilduko ditu datorren asteko hitzordu bereziak.
Lehenengo egunean, Asier Merlo idazle bermeotarrak El último rincón del infierno lana aurkeztuko du, 18:30ean. Gazte-literaturaren esparruan kokatzen den nobela horrek irakurle gazteak izango ditu jomugan. Jakinarazi dute aurkezpena gaztelaniaz egingo bada ere, egileak euskarazko sarrera eskainiko duela
Martitzenean, Miren Gabantxok Lourdes Iriondoren figuraren inguruko hitzaldia emango du, 18:30etik aurrera. Artista, emakume eta kultur eragile modura izan zuen garrantzia aztertuko du. Euskal kulturaren historian erreferente nagusietako bat izan zen Iriondo, eta azken urteotan haren bizitza eta ekarpena berriro aztertzeko interesa berpiztu da hainbat argitalpenen bidez.
Eguaztenean, berriz, familien ikuspegitik autismoaren errealitatea jorratzen duen No pasa nada liburua aurkeztuko du Bego Pradosek, 18:30ean hasita. Eguneroko bizipenak, erronkak eta ikaskuntzak partekatzeko aukera eskainiko du. Literaturatik abiatuta, gizartean gero eta presentzia handiagoa duen gai bati buruzko elkarrizketa sustatzea izango da helburua.
Egueneko saioa 19:00etan hasiko dute, eta Asel Luzarraga idazleak Puta jainkotiarrak nobela aurkeztuko du liburutegian. Aste Kulturalaren arduradunen berbetan, “euskal literaturako ahots berezienetako baten eskutik, sormen-prozesuaz, literaturaz eta nobelaren gai nagusiez hitz egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek”.
Aste Kulturalari amaiera emateko, Palestinara begira jarriko dira. Palestinako gatazkaren inguruko testuingurua eta ulermen-gakoak eskaintzen dituen Olibondoaren herria lana aurkeztuko du Markel Ortuzarrek, 18:30etik aurrera. Saioari Nadia Nemeh Bermeoko alkateak egingo dio sarrera, eta gaurkotasun handiko gai baten inguruan hausnartzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
Egutegia:
- Ekainak 15 (astelehena). Asier Merlok El último rincón del infierno lana aurkeztuko du, 18:30ean.
- Ekainak 16 (martitzena). Miren Gabantxok Lourdes Iriondori buruzko hitzaldia emango du, 18:30ean.
- Ekainak 17 (eguaztena). Bego Pradosek No pasa nada liburua aurkeztuko du, 18:30ean.
- Ekainak 18 (eguena). Asel Luzarragak Puta jainkotiarrak nobela aurkeztuko du, 19:00etan.
- Ekainak 19 (barikua). Markel Ortuzarrek Olibondoaren herria lana aurkeztuko du, 18:30ean.
Bloomsday egunagaz bat egin dute
Domeka honetan [ekainak 14], Eusko-Irlandar LagunCara elkarteak antolatuta, mundu osoko literaturzaleek ospatzen duten Bloomsday eguna ospatuko dute Bermeon.
James Joyceren Ulises eleberri ospetsua izango dute abiapuntu, eta ibilaldi berezi baten bidez gogoratuko dute literatura garaikidearen maisulan handietako bat. 10:30ean hasiko dute ibilbidea, Talako kantinatik.