Denentzako errehabilitazio integralerako zentro izatera bidean
Egoitz Alaik hirugarren adineko egoitza baino gehiago izan nahi du, eta errehabilitazioa behar duten adin eta egoera guztietako pertsonak artatu ahal izateko aldaketa prozesuan daude.
Sollube jaitsita eta kostaldetik bost bat minutura, atseden hartu eta indarberritzeko kokapen ezin hobean dago Egoitz Alai, pertsona ardatz duen eta ospitaleko egonaldien edota ebakuntzen osteko susperraldietan espezializatutako egoitza. Babesten Taldeak kudeatzen du, eta, beharrizan ezberdinei erantzuteko helburuagaz, bi motatako egonaldiak eskaintzen ditu: iraunkorrak eta aldi baterakoak. Gainera, erregimen pribatukoa bada ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren itunpeko plazak ere eskaintzen ditu.
Egoitz Alaiko gizarte langilea da Ane Corral, eta, adierazi duenez, aldi baterako egoiliarren kasuan, zenbait zaintzaileen oporraldian joaten dira bertara, eta beste “asko”, errehabilitazio lana egitera: “Hirugarren adinera begirako egoitza izan garela esan daiteke, baina aldaketa prozesu batean sartuta gaude, errehabilitaziorako espazioen behar handia dagoela ikusi baitugu. Dagoeneko aldaketa martxan dugu, baina helburua edozein pertsona, bere egoera edozein izanik ere, errehabilitatzera etorri ahal izatea da”. Bide horretan, egoitza instalazio “egokiz” hornitzeko pausoak ematen ari dira.
Hala, Egoitz Alai hirugarren adinekoentzako egoitza hutsa den ideia baztertu —horiek artatzen jarraituko dute— nahi dute, behar zehatzak dituzten “pertsona denek” bertara jo dezaketela jakin dezaten: “Espazio bat eman nahi diegu errehabilitazioa behar dutenei, besteak beste, ebakuntza bat izan dutelako, haustura izan dutelako edota etxean behar besteko baliabideak ez dituztelako. Errehabilitaziorako beharrizana duten guztientzat pentsatutako zerbitzua eskaini nahi dugu”, azaldu du Ander Ansoleaga egoitzako fisioterapeutak.

Gaur-gaurkoz, egoitzak gimnasio “txikia” du, eta “denetariko pertsonak” igarotzen dira bertatik egunero. Gaur egun espazio horrek bere eginkizuna betetzen badu ere, etorkizunera begira “espreski errehabilitaziorako” pentsatutako espazioak sortzeko helburua dute, beharrezko tresneria guztiagaz hornituta egongo liratekeenak.
Lehen pausoak ematen hasi dira dagoeneko, lehen makinak instalatuz: “Oinez ibiltzeko zinta dugu, baita nagusientzat egokitutako bizikleta estatikoa ere; horrez gain, niri asko gustatzen zaidan muskulazio makina ere badugu, ze, beti ikusi izan da nagusientzako gimnasia baloiekin edo eseri eta altzatzeko ariketekin egiten den zerbait bezala, eta hemen, estereotipoak apurtu eta pesak, poleak eta bestelako pisuak ere sartu ditugu, garrantzitsua baita muskulazioa lantzea. Asko erabiltzen dituzte, eta oso pozarren gaude”.
Eskuragarri duen espazioa txikia eta mugatua izanda, fisioterapeutak hiruzpalau pertsonako taldeetan lan egiten du, “bakoitzak dituen urritasunetan” arreta jarri ahal izateko: “Nahikoa lan indibidualizatu eta pertsonalean lan egiten dut. Gero, gainera, animatzaileagaz zein laguntzaileagaz lan orokorragoa egiten da: batzuetan, oinez ibiltzen dira aurrez ezarritako pautak betetzen; beste batzuetan, adibidez, animatzaileak gimnasia saio orokorra egiten du, denentzat berdina. Norbaitek jarraitu ezingo balu, orduan ni sartuko nintzateke, alternatibak proposatzeko”.
Karga arintzeko aukera.
Egoitz Alaik eskaintzen dituen zerbitzu eta instalazioak, egoiliarren osasun integrala zaintzeaz gain, “etxekoen karga arintzea” ere badakarrela uste du Ansoleagak. Horregatik, etorkizunera begira, eta errehabilitazioak Bermeora eraman dituenen artean maiz ikusten duen profila “40-60 urte” bitarteko pertsonena izan ohi dela aurreikusita, horiei denbora jakin batez Egoitz Alain bizitzera joateko aukera zabaldu gura die: “Berton bizi, jan eta lo egitea, errehabilitatu bitartean. Gainera, kasu batzuetan, eguna hemen igaro eta gero etxera joan ahal izatea bilatuko da. Etxean pisua kendu eta pertsona hori errehabilitazioan zentratu ahal izatea izango da helburua”.

Hain zuzen ere, erabiltzaileek aurretik zehaztutako pautak dituztenean —errekuperatzera doazenak, kasu—, “lehentasuna” ematen diete horiei, eta, talde ariketez harago, laguntzaileak horiekin zuzenean lan egiten du, “ahalik eta arinen” etxera itzuli ahal izateko.
Hala, zuzenean zein zeharka, Egoitz Alaiko egonaldiak mugikortasuna mantendu eta hobetzera bideratuta ere egon badaudela esaterik bada. Horren adibide da, esaterako, egoiliarrak beraien borondatez eta aisialdiko denboran telebista aurrean kokatzea eta, bakoitzak ahal duen neurrian, telebistako gimnasia saio bat jarraitzea.
Errehabilitazio lana, zenbaitetan ezbeharren bati lotua egon ohi dena, negoziaketa bihurtzen da profesionalentzat, ze, proaktiboak diren erabiltzaileak eta motibatuta daudenak “pozik” egiten dute lan; bestalde, kontrako kasuetan, kostata aritzen dira. Edonola ere, Egoitz Alain egoiliar zein senideen iritzi, uste eta ekarpenak jasotzen dituzte: “Erabiltzaileen erantzunak oso garrantzitsuak dira guretzat, egiten ari garena mantendu behar dugun edota gauza berriak txertatu behar ditugun ezagutzea ahalbidetzen digutelako. Errehabilitazio lana egiten dutenen kasuan, bereziki kontuan hartzen dugu izan duten epe mugatuan zerk funtzionatu dien edota zeren falta sumatu duten”, azpimarratu du Corralek.
Talde garaipena.
Errehabilitazio lanean fisioteraupeta izaten da erabiltzaileagaz harreman “zuzenena” duena, baina, egoiliarra egoitzara eraman duen hasierako helburua betetzen ikustea “atsegingarria” da Egoitz Alaiko profesionalentzat, denek jartzen dutelako beraien aletxoa, modu batean zein bestean.
Etengabe hobetzen jarraitzeko gogoz lan egiten dute. Bide horretan, behin eta berriz Egoitz Alai aukeratzen duten pertsonak daudela ikusteak “zerbait ondo egiten ari” direla ikusteko balio die: “Zaintzailearen oporraldiagatik urtero itzultzen diren edo hamabostaldian Babesten Taldeak kudeatzen duen Bermeoko Ormabarrieta eguneko zentrora datozen pertsonak edota errehabilitazioagatik zentrora itzultzen direnak badaudela ikusteak asetzen gaitu. Gu aukeratzen segitzen dute, zerbait ondo egiten ari garen seinale; bide horretatik jarrai dezakegula ikusten dugu, funtzionatzen duen zerbitzua eskaintzen”.